Ez hoa
“bizitzen galerazi / ta hiltzen lagundu” egiten zutela kantatu zian Lazkao Txikik garai bateko apaizez. Oso bestelakoa izan duk hire moldea. Gorputzez bezain irmoa, sendoa eta zuzena izan haiz jokabidez, hitzak eta tonuak hautatzen maisu. Eredua utzi diguk jarraibide. Bizitzen laguntzeko norberak bizi behar dik lehenbizi. Horretan ere asmatu duala esango nikek. Ez haiz hiltzen ere lagundu gabea. Herio norberari keinuka hasten zaionean, ordea, zalantza eta ikaren kudeaketak gogorragoa behar dik, inolaz ere.
Arantzazuko Amaren eguneko bertsoek elkartu izan gaitiztek orain arte, hire ardurapean egon den aldizkarirakoek, gure lagun min bati buruzko liburuak, lagunarteko afariek, lanak eta festak. Eta orain, adiskide bati hauspo ematen saiatzeko tenorea genuela uste genuenean, heuri eraso dik gaitzak. Makina bat une gozo partekatu diagu. Oraingoan hire malkoen lekuko izatea egokitu zaidak. Medikuek hire egoeraren larriaz jakinaren gainean jarri berritan joatea fortunatu zitzaidaan, inoizko berririk latzena irensteko betarik izan gabe. Barkadak hitz egokirik aurkitu ez izana. Milaka pertsonaren aurrean zernahi esatea zenbatez errazagoa den baheki!
“Ateoa naiz, Jainkoaren graziaz” esan zian Luis Buñuel zinema-zuzendariak, “Jainkoak daki Jainkorik baden” Etxenike fisikariak, “zeruko jardinetan / zerurikan bada” Xabier Letek. Eta hik...hik, adiskide, “banoak” esan diguk. Ez daukak deskuidu makala! Hainbeste eman duena hainbeste hartu dutenen barnean geratzen duk, oroitzapenetan eta bihotzean txertaturik. Gurekin hago, eta egonen.