Zilegizko poza
“Nik ez dut bigarren talderik” dio Realak duela aste bi abiatutako kanpainak. Helburua ez zen, noski, Eibar Futbol Taldea edo norbere herrikoa gutxiestea, Realzale askori erasaten dion birus bati aurre egitea baizik: Barçazaletasunari. Bai, Realzale askoren bigarren taldea Barça da. Zaletasun hori justifikatzeko bi zio nagusi daudeke. Bata politikoa: Real Madril erregimen baten ikur gisa ikusten dugu oraindik, eta hura otzandu dezakeen bakarra Barça da. Bestetik, denoi gustatzen zaigu zer ospatu izatea, eta talde kataluniarrearn jarraitzaile izateak urtero titutuluren bat bermatu samartzen du.
Aurten ez dugu zeharkako pozen beharrik izan, txuri-urdinek denboraldi dotorea burutu dute. Zenbait partidatako azken uneetan hainbat puntu garrantzitsuri ihes egiten utzi eta gero, azken partidako azken minutuan sartu zuen Juanmik Realari Europa Liguerako sailkapena ziurtatzen zion gola. Nori eta Athletici aurrea hartuta. Horrek poza areagotu zuela aitortzea naziotasun sentimenduaren aurkako sakrilegio da zenbaitentzat. Futbola lehia da, ordea, norgehiagoka, eta aurten, aspalditxoan lehen aldiz, auzoei aurrea hartu diegu. Azken urteetan ez bezala, haien trufa eta ironiez libratzeko moduan gara. Ez da hutsaren hurrengo motiboa.
Liga amaitu bezain laster, Athletic Futbol Taldearen komunikazio sailak mezu bat hedatu zuen Twitter bidez: “Zorionak @VillarrealCF eta @RealSociedadEUS Lehia estua denboraldi osoan zehar. #athlive #athletic”. Juxtukoa da agian, baina lehiakideen arteko beharrezko kortesiari eutsi zioten zurigorriek. Ez zitzaien hain egokia iruditu euren hainbat jarraitzaileri. “Horixe besterik ez genuen behar, gainera haiei zorionak ematea! Ezabatu berehala mezu hori”. Segapotoak leku guztietan egoten dira, ez dago auzora begiratu beharrik saldo ederra aurkitzeko. Halere, ez dut uste munduan leku askotan izango denik lehiarik handieneko bi talderen arteko derbietan gureetan adinako begirunerik eta anaitasunik. Espainiako Ligan ez behintzat! Luzaz bedi.