zarauzko adiskide baten bitartez iritsi da nire eskuetara bitxi bezain entretenigarri gertatu zaidan esku-orria. Aspaldikoa da, 1979. urtekoa. Organización Revolucionaria de Trabajadores (ORT) erakundearen propaganda-orria da, Zarauzko udal hauteskundeetarako ateratakoa. Erakundea bera ere kuriosoa zen, jatorriz eta bilakaeraz. Hura desagertu ondoren zenbait norantzatan barreiatu ziren kideak, ezker abertzalerantz gehienak.
Deigarri da, zinez deigarri, gaztelania soilean atera izana. Gainerakoan, orduan kezka-iturri ziren gai batzuk atzean geratu dira. Esate baterako, batxilergo institutua lehenbailehen eraiki beharraz mintzo dira, eta geroztik orduan irudikatu ezinezko urratsak eman ditu Euskal Eskola Publikoak. Anbulatorio bat eraiki beharra ere aipatzen du orriak, eta urte gutxi dira Salbidekoa inauguratu zutela, han eskatzen zutenaren ordezko. Azken-portu auzoaren urbanizazioa ere lehentasun zuten. Burutik pasa ere ez zitzaien egingo orduan herriaren azken portua iruditzen zitzaiena ia-ia erdigune bihurtzera irits zitekeenik. Badira, ordea, udaleko -eta haragoko- talde politikoen agendetan jarraitzen duten zenbait gai.
“Trenaren arazoa lehenbailehen konpondu behar da, herria bitan zati ez dezan” dio esku-orriak. Oraindik ere hala gertatzen da. Berrikitan jakin dugu Santa Klarako trenbide-pasagunean oinezko eta bizikletazaleentzat lurpeko pasabide bat egingo dutela. Krisiaren aurreko urteetan aipatzen zuten egitasmo hartatik oso urrun geratuko bada ere -trena zati handi batean lurperatzea zen xede-, benetan eskertuko dugu bertatik egunero pasa-tzen garenok. Aparkaleku eskasiak ere hor dirau. Eta iraunen. Ingurumenaren alorrean, ostera, -posible ote!- hau zioten ORTkoek: “Eskualdeko irtenbide gisa planteatu behar da errauskailua”. Zehazki hornos crematorios diote, inolako neurri eta zehaztasunetan sartu gabe.
37 urteren buruan, orduko arazo batzuk hor daude oraindik, irtenbidearen zain, baina beste gauza batzuk ikaragarri aldatu dira. Jarrera eta iritziak barne.