Pape elebiduna da, wolofera erabat menperatzen du eta euskaraz ederki moldatzen da. Ez da berezko erraztasuna edo adinaren kontua bakarrik. Batetik, premia da, ez omen dago beharra baino maisu-maistra hoberik. Bestetik, gogoa. Azken egunera arte eutsi dio gehiago jakin eta ikasteko irrikari: “nola esaten da daukat hika?”. Gaztelania oso gutxi ikasi du. Ez naiz ezjakintasunaren apologia egiten hasiko, baina alderdi onak ere izan ditu horrek. Paperekin komunikatzeko euskaraz hitz egiteko ahalegina egin behar izan dute denek. Egia da, bai, premia irakasle aparta da. Alta, hizkuntzarena da orain Paperen kezka nagusia: zer gertatuko da gure harremanarekin euskara ahazten bazait?
Duela hiru urte Espainiara etorri zen. Hori esan zioten eskolan eta etxean, hori egiaztatzen zioten gure nortasun agiriak edo bere logelako munduko mapa erraldoiak. Azken boladan, berriz, berak kargu hartzen zien lagunartean edo Whats App-eko taldeetan erdaraz hasten zirenei: “hi, hau Euskal Herria duk, e! Beraz, euskaraz hitz egin!”. Orain badaki nortasun agiriek eta mapek ez dutela egia osoa islatzen.
Hiru urte eta lau ebakuntzaren buruan, gure senegaldarrak 19 kilo hartu ditu, beste 19 zentimetro hazi da, kokotsa bere lekuan dauka eta ahoa ondo samar irekitzen du. Beste bat da. Jada prest ditu bihar goizean abiatuko duen bidaiarako maletak, arropaz, opariz eta oroitzapenez gainezka. Negar asko egin eta eragin du azken egunotan. Izan ere, berak badaki eta guk badakigu ez dela gehiago itzuliko, eta hori...hori gogorra da.
Nola agurtzen da seme bat bezala maite duzun mutiko bat betiko doanean? Inoiz joaten al da hainbeste eman dizun norbait? Izan ongi, Pape! Jámm ak jámm!