badira arrotz edo ezezagun zaizkigun gaiak gertuko eta interesgarri bihur-tzeko dohaina duten komunikatzaileak. Landareez desertuko bizilagunek baino gutxiago dakidan hau arreta biziz irratiari atxikita edukitzen naute Arantxa Artzak eta Jakoba Errekondok. Gozamen aparta iruditzen zait hain solas gozo eta ederra, jario bizi eta naturala. Atzo goizeko saioan, honelatsuko zerbait bota zuen agronomo, paisajista eta lorezain usurbildarrak, entzule baten galderari eran-tzunez: “Landare horrek lore gehiago emango dizu lorontzi txikian, baldintza txarretan dagoelarik”. Agi danez, bere burua arriskuan ikusten duelarik, horrela ikusten du biziraupenerako aukera, lore asko eman eta hazia zabalduz. Bistan da zenbait gauzatan alde handirik ez dagoela landare eta gizakion artean.

Larre motxeko ez diogu gabeziak eta ezinak pasatu dituenari deitzen, halako egoerei aurre egiteko kuraia erakutsi duenari baizik. Ez dago baldintza estuak jartzea bezalakorik zenbait funtzionarazteko. Artzainek gose punttuarekin edukitzen dituzte zakurrak, lana behar bezala egingo badute. Sabela bete-bete egindakoan, guk bezala, siestarako gogoa haiek ere. Atzo Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren finalean lehiatu ziren zortzi bertsolariak ere bazkaritan betekada handirik hartu gabe joango ziren Ilunbera. Nahita ere ezin ezer askorik jan. Hori ere, lorontzi txikian estu-estu dagoen landarearen loraldia bezala, autodefentsarako baliabide izan liteke. Estutasunek behartzen gaituzte gehixeago ematera, ahalegin handixeagoa egitera. Botila barruko jeinuari sekula ez gaixotzea eskatu omen zion hura handik libratu zuenak, eta jeinuak autonomo bihurtu. Bikote harremanetan ere dena galtzeko beldurrak eramaten ditu asko eta asko bikotekideari aurretik ez bezalako arreta eskaintzera.

Larre motxa, lorontzi txikia, sabel hutsa, estutasunak... horiek dira maiz, maizegi, gure ezten, premia eta beldurra gure jardunaren akuilu. Eta loraldirik denean, gaitz erdi.