zahartzea norberaren suntsipenaren lekuko izatea dela zioen mundu honetan emozionalki ezagutu dudan pertsonarik adimentsuenak. Hain juxtu, adimentsua eta amodioz betea zelako jakin zuen hain ongi zahartzen, sentimendu sare trinko bat ehuntzen asmatu zuelako, besteak beste. Alta, denek ez dute bizitzaren azken txanpa kudeatzeko gaitasun edo zori bera izaten. Erretretarako lanean jo eta su ari izan ondoren, iritsi eta gero lehiakortasunik gabeko bizimodua barneratzeko gaitzeko zailtasunak izaten dituzte askok. Bestalde, gorputzak gainbehera etengabea jasaten du, -“bigun zirenak gogortu zaizkit / gogor zirenak bigundu”-, eta inoren beharrik gabe moldatu ahal izatea obsesio bihur-tzen da hainbatentzat. Seme-alabei fardelak alda-tzen ari izan denarentzat, gogorra behar du haiek norberari noiz aldatuko zain egon beharrak. Andoni Egañak pure-koilarekin islatu zuen:
Ume nintzen garaian,
aitona, beti zurekin
ume nintzela mahaian
pure-koilarak hegazkin.
Ume nintzenean maiz
zurekin hara ta hona,
orain gurasoa neu naiz,
eskerrik asko, aitona!
Lehengoan sarean irakurri nuen honekin lotura zuzena duen istorio bat. Telefono denda bateko iladatxoan txandaren zain zegoen gizona, 80 bat urtekoa, mugikor aspaldiko bat eskuan zuela. Saltzailea aurrez-aurre izan zuenean, mugikorra konpon ziezaion eskatu zion, hondatua zuela eta. Saltzaileak sakelakoa eskuan hartu eta zenbait proba egin zituen, baita dei bat hartu eta beste bat egin ere. Telefonoak inolako matxurarik ez zuela ziurtatu zuenean, halaxe jakinarazi zion gizonari zerbitzari prestuak: “Jauna, zure mugikorra aspaldikoa da, baina ez du inolako matxurarik”. Hitz horiek entzun orduko, gizonaren begitartea guztiz ilundu zen. Poltsikotik musuzapia atera eta, begiak idortuz, negarrez ihardetsi zion saltzaileari: “Orduan zergatik ez didate dei-tzen seme-alabek?”
Senecak esan omen zuen: bakardadea ez da bakarrik egotea, hutsik egotea da.