ez da erraza “Alah da handiena” oihu eginez Parisen sarraski odoltsua eragin duten terroristen buruan sartzea. Haien azken asteak irudikatzen saia gaitezke, halere. Parisko planoak mahai gainean dituztela, ostiral gauetan jenderik gehien biltzen duten jatetxeak gurutze batekin markatzen imajina ditzakegu sasi-martiriak, inguruko diskoteketan iragartzen dituzten musika emanaldien informazioa lortzen. Egun batzuen buruan mahai beraren bueltan imajina ditzakegu, hautaketa egin eta gero, urruneko auskalo zein herrialdetan dagoen nagusiren bati deika, xehetasun guztiak jakinarazi eta haren oniritziaren menturan. Begiak itxi eta gizonezko bat ikus dezakegu, beti gizonezkoa, bizarduna derrigor, “aurrera!” esaten, eta Parisko agindupeko gizonak, haiek ere gizonak, elkarri begira, harro.
Irudika ditzakegu iragan ostiral arratsean, leherkariak estadioaren inguruan kokatu eta, armak txilabaren azpian ezkutaturik, gurutzez markaturiko diskotekara eta jatetxeetara bidean. “Alah da handiena” oihu egin, armak txilabapetik atera eta tiro, edonori tiro, adinari, sexuari, koloreari, itxurari, ezeri erreparatu gabe. Odola, garrasiak, tiro gehiago, gorpuak, poliziaren sirena hotsa, leherketa bat eta, euren bizi-tzan entzun duten azken soinua, beraiek akabatu dituen tiroa. Alah da handiena, eta haren ondora doazelakoan daude, jainko bakarraren aldarean ohorezko leku bat izango dutela sinetsirik.
Arnasaldi luze baten ondoren, begiak itxita jarrai-tzen dugu. Eta urruneko herrialderen batean irudikatu dugun gizonezko bizarduna agertu zaigu berriro, irratia, telebista eta ordenagailua aurrean dituela, triskantzari buruzko berriak noiz helduko zain. Oihartzuna heldu zaiolarik, irriño harroxko batek egin dio ihes. Zortzi borrokakide bidali ditu Alahren ondora, baina berak ez du hiltzeko presarik, oraindik lan handia geratzen zaio iragarritako odolezko itsasoa eragiteko. Munduko hirugarren gerratea xede.
Orain Pariskoa salatzeko garaia da, baina munduko beste hainbat lekutan ehunka lagun hiltzen dira bortxaz egunero. Munduak erabateko astindua behar du, gizateriak gogoeta sakona. Unean uneko adabaki merkeak beste irtenbiderik bilatzen ez badugu, eskuetan lehertuko zaigu. Bihar, etzi edo etzi damu.