Síguenos en redes sociales:

Non egon zen Jon?

Autokritika eta iritzien transbertsalitatea hain arraroak diren garaiotan, ia beti aurrez jakiten dugu gertaera jakin baten aurrean alderdi bakoitzak zer jarrera hartuko duen. Jon Anza gaixorik zegoen, argazkirik berrienetan ezagun du. Erosoena, askok nahiko genukeena, Frantziako Tolosako karrika batean lasai-lasai zihoala bihotzekoak eman eta berez hil zela sinestea litzateke. Ofizialki hori sinestarazi nahi digute Frantzia eta Espainiako gobernu eta polizia indarrek. Jon Anza zenaren senideek eta hainbat eragilek "gerra zikinaren ekintza" izan dela salatu dute.

Perez Rubalcaba Barne Ministroak hanka sartu zuen. Anzak ETAri 300.000 euro eraman behar zizkiola esan zigun bere garaian, baina dirutza horrekin ihes egin zuela. Inork ez zezakeen halakorik sinets, ezta esan zuenak ere. Gazte-gazterik ETAko kide bihurtu, 20 bat urte kartzelan igaro, aske geratu eta denbora gutxira berriz erakundean sartu?azkenean El Dioni bezala diru-poltsa handi batekin ihes egiteko? Ez zen sinesgarria, ez zen egia. Rubalcabak bazekien Jon nondik nora eta zertara zihoan, baita zenbat diru zeraman ere. Zehatz-mehatz. Hamaika egunez non egon zen eta zer egin zuen, aldiz, ez daki, ez du arrastorik ere. Frantziako ikertzaileek ere ez dute puxtarri askorik bildu kasu honekin. Hamaika hilabetez aritu dira Baionatik Tolosara trenez joan zen ETAkide baten bila. Hamar hilabete egin ditu gorputegi batean Anzaren hilo-tzak. Sakelan Baiona-Tolosa eta Tolosa-Baiona tren tiketak zeramatzan. Oso zail gertatzen zait mota askotako terrorismoei aurre egiten hain ohituta dagoen estatu handi bateko polizia-indar zailduek halako gaitasunik eza erakustea. Argi dago bortxa erabiltzen duten hainbat taldek demokrazia, estatuak, sistema?dena hankaz gora jartzea dutela helburu. Baina demokraziari, justiziari eta bizikidetzari askoz kalte handiagoa egiten diote boteretik -eta balore horien izenean- egindako bidegabekeriek-. Eta Jon Anzaren kasuari, besterik uste izateko argibiderik ematen ez diguten bitartean, kirats jasanezina dario.