Azken urtean lau aldiz bildu gara Hezkuntza Saileko goi arduradunekin. Jokin Bildarratz, Hezkun-tza sailburu; Begoña Pedrosa, Hezkuntza sailburuorde; Eugenio Jimenez, Ikastetxeetako eta Planifikazioko zuzendaria eta Amaia Urzelai Gipuzkoako Hezkuntza Lurralde ordezkariarekin. Azkena, pasa den otsailaren 15ean. Bilera hauetan, Ordiziako herrian, eskolen artean, ikasle familien jatorriaren eta egoera sozioekonomikoaren baitan dagoen desoreka larriaren inguruko datu zehatzak eman dizkiogu Sailari. Egoera hau, elkarbizitzan, aniztasunaren trataeran, inklusioan eta euskalduntzean sortzen ari den arazo larrien inguruan jakinaren gainean jarri ditugu. Egoerari irtenbidea emateko beraiek dutela giltza nagusia, planifikazioan eraginez, esan diegu. Eta, onartu duten arren, erantzun zehatzik jaso ez dugun heinean, desoreka bideratzeko neurri zeha-tzak ere proposatu dizkiegu.Ordiziak %19ko migrazio tasa du, Euskal Herriko altuenetarikoa. Haur hezkuntza eta derrigorrezko eskolatze adinean daudenen ikasleen familien herenak atzerrian du jatorria. Ikasle horien hamarretik ia bederatzi Eskola Publikoan daude matrikulatuak. Ordizian edo Euskal Herrian jatorria dutenetatik, aldiz, erdiak baina gutxiagok ikasten dute Eskola Publikoan. Desoreka are nabarmenagoa da Haur Hezkuntzan. Eta, azken urteetan, Hezkuntza Sailak, hartu dituen hainbat erabakirengatik eta hartu ez dituen beste hainbaten ondorioz, desoreka areagotu besterik ez da egin. Lehenik eta behin esan beharrean gaude, gure ustez desorekaren arrazoia ezin daitekeela jatorria atzerrian duten familietako ikasleengan edota egoera sozioekonomiko zaila pairatzen dutenengan jarri.Are gehiago, proportzioan gehiago diren heinean, Ordizian edo Euskal herrian jatorria dutenen edo egoera sozioekonomiko hobea dutenen banaketak eragin handiago du desorekan eta, ondorioz, orekan. Beraz orekatze neurriak hau guztia kontuan izan beharko luke. Eskola publikoa ardatz hartu eta lehenetsiz planifikazioan eragingo balitz, Jakintza Ikastolako gela eta lerro kopurua mugatuko balira eta ikasle guztien banaketa orekatua egingo balitz, ez soilik jatorri atzerritarra duten edo egoera sozioekonomiko zaila pairatzen duten familietako ikasleena, desorekak modu oso nabarmenean murriztuko lirateke.Jakinik ere, ziurrenik honelako erabakiek egungo araudiaren moldaketa eskatuko luketela, Ordiziako egoera larria bideratzen hasteko baliagarri gerta daitekeelakoan gaude. Baliagarri gerta liteke, era berean, horrela ikusiko balute behintzat, antzeko egoera pairatzen duten beste herri eta auzoetarako ere.Hezkuntza Saila jakitun da Ordizian eta beste hainbat herri eta auzoetan bizi dugun egoera larriaz, ezagutzen ditu gure proposamenak. Eskaera argia da: har ditzala desoreka konpondu eta elkarbizitza, aniztasunaren trataera, inklusioa eta euskalduntzea modu egokian jorratu ahal izateko erabakiak.Karmele Ormazabal eta Maria Albisu Ordiziako Eskola Publikoko Guraso Elkartea