erro hauen bidez eskerrak biziki eman nahi dizkiogu bihotz-bihotzez eta bene-benetan Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen Egan literatuta aldizkariaren Erredakzio Kontseilu osoari geure aitaren (Felix Inocencio Bujanda Sarasola, Inosen) inguruko liburu eder hau argitaratzeagatik Ez dago, ez, idatzia izenburuarekin. Felix Inocencio Bujanda Sarasola, Inosen, 1915ko urtarrilaren 16an jaio zen Donostiako Antigua auzoan, Fortunato zuen aita, Luisa ama, sei seme alaben bigarrena. 1936ko guda zibilean Inosen bera eta bere bi anaiak, Benito (zaharrena) eta Gerardo (gazteena), Euzko Gudarostean, EAJko Saseta Batailoian hain zuzen, gudari bezala borrokatu zuten, arrebak niñas de la guerra gisa erbesteratuak gisa egon ziren bitartean. Inosen Santoñan preso hartu zuten bere anaia Gerardorekin batera, ordurako anai zaharrena Benito Lemoako menditan hila zen aurrez aurreko borroka zuzen eta krudelean erreketeen aurka. Santoñako eta El Puerto de Santa Maríako kartzeletan urte askotan egon ondoren, kaleratu eta euskal erresistentzian jarraitu zuen. Añorga auzoko Xixili Arizmendi Etxenagusiarekin ezkondu zen 1950. urtean eta hiru seme-alaba izan zituzten, José Manuel, Arantxa eta Juan Ramon. Inosen, gure aita, autodidakta izan zen, jakituna, serioa, nortasun zorrotzakoa, irakurle amorratua, kultoa, euskalduna, abertzalea, fededuna baina ez klerikala. Beragatik, bai, esan daiteke eta ondo esan ere Izan zirelako gara. 98 urterekin hil zen burua guztiz argiarekin. Azken urtetan idatzitako hainbat orrialde aurkitu genizkion seme alabok, eta guztiak traskribatu, txukundu eta bere omenez aurkeztu ditugu Egan aldizkarian. Aurkibidea nahiko adierazkorra da geure aita Inosenen bizitza, gogoetak eta hausnarketak jakin eta irakur ahal izateko. Pausoka, Mitoak, Utopia, Gezurretan, Bikaintasuna eta Planeta gaiak Ez dago, ez, idatzian jorratzen ditu 147 orri guztiz interesgarrietan zehar. Mila esker beraz, hunkituta, Euskalerriaren Adiskideen Elkarteari Egan bere Literatura Aldizkariaren eskutik argitara, auspoa eta bizitza beraz, emateagatik. Nire izenean, arreba Arantxaren, anaia Juan Ramónen eta, nonbait, han urrunean, denbora eta espazioa bat egiten duen eta eternitatea deritzon horretan, handik, hemendik edota hortik egon daitekeen gure aitaren itzalaren izenean ere esker mila adeitsuki.Amaitzera noa, liburuak azpititulu berezi bat darama letra txikiagotan, hauxe hain zuzen Herren arriskutsu eta gafadun baten gogoetak, eta argibide bezala esan dezadan geure aitaren polizi frankistaren fitxak honelakoa zela: “Rojo separatista, cojo, peligroso y con gafas”, geure aitak umoretsuki askotan esaten zuenez: “Herrena naiz bai, baita gafaduna ere, eta arriskutsutzat jotzen banaute polizi frankistek, ba hori ohore handi bat da niretzat eta mailaz goreneko harrotasuna sorarrazten dit”. Inosen demokrata eta abertzale fina zubigintzan sinesten zuen gizon konprometitua zen, Euskadi batu eta osatua zuen, eta zen bere helburu politikoa, euskera bihotzean zeraman Antiguako auzoko seme honek. Euskal lurra arin bekizula aita. Ez adiorik, Herri txikien egun handirarte baizik. Eta, aita, lasai zagoz, katea ez da eten, ezta etengo ere.