Azaroaren 7an Xabier Euskitzek Azkoitiko eskribaua izenburupean idatzi zuen artikuluari ekarpen batzuk egin nahiko nizkioke lerro hauetan.Nire ustez, ausardiaz jokatzen du Estella Lizarra izenaren itzulpen okerra dela frogatutzat ematean. Rohlfsen hipotesi hori bere eginez, Gonzalez Ollé Estella balizko L’Izarra batetik heldu dela frogatzen saiatu zen. 1990ean Principe de Viana aldizkarian argitaraturiko lan batean bi izen horien lehendabiziko agerpenak birpasatu zituen eta itzulpen okerra izan duten hainbat toponimo adibide gisa jarrita, itzulpen traketsaren hipotesia argudiatu zuen. Baina bere arrazoibidearen ahuleziaren jakitun zen, idatziaren bukaeran aitortzen zuenez. Toponimian adituak diren bertze ikerlariek ez dute bat egiten hipotesi horrekin (J. Jurio, R. Ciervide, A. Irigoien…). Ikerketa gehienak bi izen hauen etimologia azaltzera mugatu dira. Haien jatorria argitu, esanahia azaldu eta bien arteko lotura edo lotura eza frogatzeko ahaleginak izaten dira. Inork gutxik begiratu dio usadioari. Euskaldunon usadioari. Azkoitiko eskribauak ederki daki Estella deitzen ziotela hiriari bere gurasoek eta haien gurasoek. Noiztik, ordea?Estellerriko eskribauek ongi jaso zuten haien dokumentuetan: Estella bidea etengabe ageri zaigu. Jimeno Juriok zuzen paratu zituen oinarriak herri batek izen bikoi-tza zuen jakiteko: ad quem- norabidea- adierazten zuten izenei erreparatu behar zaie. Toponimoek bidea osagaia baldin badute, euskal hiztunek erabilitako izena zen (camino erabilita, ordea, erdal komunitateak erabilitakoa zen). Estellabidea agertzen zaigu behin eta berriro, temati, dokumentazioan. Estellabidegaina, Estellabidebitartea, are Estellar soroa. Zaharrena, Estellabidebitartea, 1540an ageri zaigu Lezaungo herrian. Zaila da ordezkapena noiz eman zen jakitea, zaila baita artxibategietan XVI. mendetik gibelago joatea. Baina euskaldunek hirira zetozenean, Estellara erraten zutela ezin da dudan jarri. Horregatik “itxurarik gabeko erderazko ordaina” deitzea gehigikeria iruditzen zait, are euskaldun zaharren ohiturei errespetu falta. Ez da harritzekoa, hortaz, euskaldunek beren burua ez jakitun gisa zigortzeko izan ohi duten jarrera. Euskal toponimoa da euskarazko etimologia duena , baita jatorri erromantzea duen eta euskarak erabat bereganatua duena ere. Beraz, Estella Segura, Errenteria, Billabona bezain euskalduna da. Bai eta Euskal Herriko geografian barrena euskal usadioak itxuraldatu (ez “itxuragabetu”) dituen hainbat eta hainbat toponimo bezainbestekoa.Mertxe Urteagaren adierazpenak baliogarriak dira ideologiaz zipristinduriko eztabaida hauetan. Oiassoko portu erromatarra azaldu ondoren eginiko lanketak bere emaitzak ekarri ditu, eta zorionez erromatartzeari buruz zeuden aurreiritziak ari dira desagertzen. Bere hitzetan erromatartzeak euskal komunitatearen biziraupenerako lagungarri izan zen. Toponimia alorrean ere dibulgazio lana egin beharko litzateke, hizkuntzalarien lanetik haratago, ideologian sustraiak dituzten hainbat aurreiritzi borrokatzeko. Eta nago errealitate hau onartzeak euskara gure ingurutik urrun ikusi nahi dutenei argumentuak kentzeko balioko lukeela. Euskararen miraria den iraupen horretan maileguen lana onartzeko garaia da.