rroako biribilgunea inauguratzear dago, historikoki beste izen batzuekin ezagutu dugun bidegurutzean: Cementos Rezola (lehen La Carmen, ABC edo Alberdi zuen izena). Baita Azkueneko kruzea. Gaur egun, Bombas Azkueren jatorria. Bertan taberna bat eta frontoia zeuden, erromeriak egiten ziren eta Urola bailarako merkatari, garraiolari eta bidaiarien derrigorrezko geldialdia zen,eta nola ez Arroako bizilagunen topagunea.Arroan eta bere inguruan 150 urtez egin da zementua eta Gipuzkoako hamaika lantegietatik bost bertan kokatzen ziren, Carmelo Urdangarinek eta Jose Mari Izagak idatzitako antropología industrialaren inguruko lan batean jasotakoaren arabera, Javier Carballo, Ismael Manterola eta Zumaiako ZIIF proiektuko beste kide batzuen laguntza izan zutelarik.Historia hori nolabait jaso eta islatzeko aukera dugu orain Arroako zementuen bidegurutzearen biribilgune berrian, eta horixe da idatzi honetan proposatu nahi genukeena. Gune hori, horretarako paregabea iruditzen zaigu. Nahiz eta argi izan inaugurazioarako ez gabiltzala garaiz, ondoren gauza-tzea izango litzateke gure nahia.Gipuzkoako Foru Aldundia, Zestoako Udala, Zumaiako Udala, Arroa Beheko Auzo Elkartea, Historia gogoan duten lantaldeak e.a. izan daitezke, Arroako bidegurutzeko biribilgunean aipatutako testigantza historikoa hobekien islatuko duen artelan, momumentu edo errepresentazio alegorikoei buruzko ideiak jasotzeko eta dagokien moduan bideratzeko entitateak. Inguruko zementu-industriaren kontzentrazio paregabea izan zen bertan. Horren lekuko dira gurutzeguneko zementuzko silo zirraragarriak, Arroa, Bedua, Narrondo eta Agoteren artean barreiatutako adreiluzko tximiniak, errota harriak, etabar. Aztarnak dira (tximinia batzuk baino ez dira mantentzen) eta irudi adierazgarriak izan daitezke, agian zementu-fabrikak gehien gogorarazten dizkigutenak. Eraikin horiek hobekien irudikatuko dituen elementu batzuk ipintzea da proposatzen dugun ideietako bat, abiapuntu gisa.Argi dago Aldundiak ezarriko dituen bide-segurtasuneko arauak kontuan hartu beharko direla. Ea zerbait polita lortzen dugun eta adostasunez aurrera ateratzeko gai garen, elkartzen gaituena kontuan izanda.Gure gurasoak eta aitona-amonak omentzen ari gara eta oroimena eta errespetua zor diegu. Elkarrekin lan egitera gonbitea egiten dut.Ez dut idatzi hau amaitu nahi, gurutzegune horretan istripuz hildakoak eta zaurituak gogoratu gabe. Haiek eta haien familiek izan beharko lukete lehenak gure pentsamenduetan, eta lehenak izan beharko lukete ere, gure omenaldia jasotzerakoan inaugurazio ekitaldian.