OVIDa dela eta, egoera berezia bizitzen ari gara hezkuntza komunitatean. Gure ustez, Hezkuntza Sailaren kudeaketa eskasa eta inprobisatua izan da pandemia hasieratik, eta ez ditu kontuan hartu hezkuntza eragileen proposamenak. Eta orain ere, eskoletara itzuli garenean, eskasa izaten ari da.Baina tamalez, ez da egoera berria: aspalditik gaude oso kezkatuta Hezkuntza Sailak azken urteetan eskola publikoari begira egin duen kudeaketarekin. Horregatik hasi ginen EAE mailan indarrak batzen hezkuntza publikoaren defentsan. Hainbat herri eta hiritan tokian tokiko arazo zehatzak daude, baina badakigu finean horren atzean zer dagoen: Hezkuntza Publikoa -ekitatean eta aukera berdintasunean oinarritzen den hezkuntza zerbitzu bakarra- ez dela lehenetsi, ezta zaindu ere, eta ondorioz atzerakada nabarmena eman duela, egindako politikak lagun. Egungo egoeran, gainera, beldur gara pandemiak ez ote dituen estaliko hezkun-tza sistema dual (publiko-pribatu) eta injustu honetan Hezkuntza Publikoak dauzkan oinarrizko arazo larriak.Hezkuntzako sailburu berria zarenez, pandemiaren ondorioz sortutako gabeziez gain, gure erkidegoan eskola publikoak aurretik ere bazeuzkan arazo horiei hel diezaiezula eskatzen dizugu.Zerrenda luzea da, baina biziki kezkatuta gaude Administrazioak zuzenean Hezkuntza Sailaren kudeaketaren menpekoa den hezkuntza zerbitzu publikoarekiko erakusten duen konpromiso eta lehentasun faltarekin; izan ere, maila berean jartzen ditu hezkuntza pribatu-itundua eta publikoa, berdinak ez diren sareak parekatuz, merkatu libre batean aukeran dauden produktuak balira bezala, eta horren ondorio dira eskola segregazio izugarria, eskola publikoaren kaltetan erraztu den itunpeko ikastetxeen hazkuntza, eskola publikoak bizi duen baliabide falta…Guraso elkarteetatik, hainbat herritako plataformetatik, gizarte kohesionatu eta justu baterantz eramango gaituen kalitatezko hezkuntza publikoaren alde lanean jarraituko dugu, eta bide horretan familion, langileon eta ikasleon aldarrikapenak kontuan har ditzazula eskatzen dizugu. Euskal Eskola Publikoaz Harro gaudenez, ez dugu onartuko atzerapauso bat gehiago ere. Bada garaia urteetako joera alda-tzeko, Jokin Bildarratz jauna: espero dugu zure kargutik gure bidelagun izatea, eta denon artean merezi dugun hezkuntza publikoa eraikitzea, auzolana hori baita, ezta?