Arrasateko Udalean Hirigintzako batzordeburu eta alkateorde den Ibon Arrupek kaleratu duen iritzi artikulua dela eta, honakoa adierazi gura dugu Arrasateko EH Bildutik: Onartezina da udal agintari batek herritarrekiko errespetua galtzea. Ez da lehenengo aldia, ezta bigarrena ere, Arrupe jaunak bere planteamendu urbanistikoekin edota ideologiarekin bat ez datozen herritarrei mespretxuz erantzuten diena. Oraingo honetan, matxista supremazistak omen Grupo San Joaneko arkua bota gura ez duten auzokoak. Uste dugu badela garaia karguan jarri zuen Maria Ubarretxena alkateak etika politiko minimoena ere ez daukan alderdikidearen jarrera babesteari utzi eta neurri zuzentzaileak hartzeko. Onartezina da, halaber, Arrupe jaunak Grupo San Joanen gauzatu asmo duen proiektu urbanistikoa defendatzeko genero ikuspegiaren aitzakiaz baliatzea, aipatu arkua puntu ilun bat dela argudiatuz. Logika horren arabera, etxalde osoa eta Zaldibar frontoia ere bota beharko lituzke. Urteak daramatzagu Arrupe jaunari bai oposiziotik, bai mugimendu feministatik herriko puntu ilunak ezabatzeko plangintza integral bat eskatzen. Emakume Txokoan egindako tailer batean parte hartu zuten herritar batzuek ere gaiaren inguruan egindako azterketa helarazi zioten aspaldi eta kajoian gordeta dauka. Eta berdin, behin Emakume Txokoa aipatuta, herriko puntu ilunenetako bat den udal zerbi-tzu horren sarrera konpontzeko egitasmoa, EAJ-PSOEk udal gobernua hartu zutenetik geldirik dagoena. Horiek esanda, honako eskaera hauek egiten dizkiegu Arrupe jaunari zein hirigintzaburu izendatu zuen udal gobernuari: bat, Arrupe jaunak Grupo San Joaneko auzokoen inguruan esandakoak publikoki zuzendu ditzala. Bi, hirigintza feminista baten alde benetan badaude, gaiaren inguruko plangintza oso bat egiteari ekin diezaiotela, 2021eko udal aurrekontuan baliabide pertsonal zein ekonomikoak jarriz eta hori aldarrikatzen urteak daramatzaten mugimendu feministarekin eta oposizioko alderdiekin lankidetzan arituz. Itxaro Artola EH Bilduko zinegotzia Arrasateko Udalan