Síguenos en redes sociales:

Gradu bat

Aldaketa handiak oso gutxitan iristen dira bat-batean. Ate txikitik sartzen dira, salbuespenez mozorrotuta, aldi baterako neurriekin

Gradu batEP

Hegazkin bat gidatzean, eta ibilbidea luzea denean, nahikoa izaten da gradu bateko desbideratze bat hegazkina aurreikusitakoaz guztiz bestelako helmuga batera eramateko. Ez da maniobra zakarrik behar, ezta biraketa ikusgarririk ere; nahikoa da aldaketa txiki bat norabidean, ehunka kilometrotan mantendua, helmuga oso ezberdin batera heltzeko.

Horrela funtzionatzen dute baita ere prozesu sozial eta politiko askok. Aldaketa handiak oso gutxitan iristen dira bat-batean. Ate txikitik sartzen dira, salbuespenez mozorrotuta, aldi baterako neurriekin: “Ez da ezer gertatzen honengatik”, “oraingoan bakarrik izango da”… Eta horrela, konturatu gabe, desbideraketa txikiak onartzen ditugu munduaren norabidean, ezer ez diruditenak, baina, luzean, erabakigarriak izan daitezkeenak: eskubide bat ahultzen duen arau bat onartzen dugu “gutxi batzuei bakarrik eragiten dielako”, adibidez, edo gure segurtasuna bermatzeko dela pentsatuz, eta gutxika, mahai jokoa aldatzen doa. Eta hegazkinean bezala, konturatu nahi dugunean, ez gaude nahi genuen tokian. Injustizia txikiekiko tolerantziak injustizia handiagoei irekitzen die atea. Gehiegikeria puntualekiko axolagabetasunak gehiegikeria sistematikoak normalizatu ditzake. Eta salbuespen gisa hasten dena ohitura bihurtu daiteke. Nola iritsi gara honaino? galdetzen diogu geure buruari ikusten dugunean, adibidez, Estatu Batuetan bost urteko ume bat atxilotu dutela. Nola iritsi garen honaino? Ba poliki-poliki iritsi gara, kate bat osatu duten hainbat erabakien batuketaren ondorioz; gutxika, hainbat injustizia txiki edo ertain normalizatuz. 

Azkenean, galdera garrantzitsuena ez da nola iritsi garen honaino, baizik eta nora heldu nahi dugun. Eta konturatzea gradu bakoitzak duela garrantzia. Erabaki bakoitzak. Hegazkina oso leku ezberdinetara heldu baitaiteke norabide aldaketa bakoitzari adi egonez gero.