Gero eta deserosoagoa egiten zait inori aholkuak ematea. Garai batean, gazteago nintzenean eta gauzak argiago nituela uste nuenean, ematen nizkien aholkuak lagunei: nik, zu banintz, ezetz esango nioke… nik, zure lekuan egonda, baietz esango nioke… eta horrela. Azken urteetan iruzurti sentitzen naiz norbaiti zer egin gomendatzen diodan bakoitzean. Irteera erraz bat iruditzen zait. Gauza bat edo beste egitea gomendatuta arazoa nire gainetik kenduko nahiko banu bezala.
Eta horrez gain, iruditzen zait ez naizela inor beste norbaitek zer egin behar duen erabakitzeko, batez ere, ez nagoelako bere lekuan, ez ditudalako sakonki ezagutzen zein diren kontatzen ari zaidan egoera horren aurrekariak, testuingurua, arazoan zerikusia duten gainontzekoen begirada... Horregatik, azkenaldian, norbaitek duen arazo bat kontatzen didanean, egoerari aurre egiteko aholkuak eman beharrean, galderak egiten dizkiot. Nola sentituko zinateke hau edo bestea egingo bazenu? Zer da zure barruak eskatzen dizuna?
Batzuetan beste norbaitekin egoteko beharra izaten dugu ez haren erantzunak entzuteko, baizik eta haren galderei erantzunez benetan pentsatzen duguna hitzez adierazteko. Azken erabakia beti baita norberarena eta lagun on batek egin dezakeen bakarra da hor barruan jada hartuta dagoen erabakiari irteten laguntzea. Izan ere, askotan aholku bila hurbiltzen gara lagunengana jakinda gure barru-barruan erabakia hartuta dagoela, eta, askotan, erabaki hori izaten da lehen momentuan bihotzarekin sentitu duguna, nahiz eta gero buruak zalantzaz zipriztintzen duen dena. Lagunak oso beharrezkoak dira erabaki garrantzitsu bat hartu behar dugunean, askotan begirada zabaltzen digute, eta gauzak beste leku batetik ikusten laguntzen, baina azken erabakia etxera bueltatzean hartu behar du bakoitzak. Lagunarekin izandako elkarrizketa burkoarekin jarraitzen duenean.