Síguenos en redes sociales:

Defentsa

Komeni da defentsarako tresnak izatea, baita maitemintzean ere

Defentsa

Min ematen dizun jendea desaktibatzeko teknikak erakutsi zizkidan aurrekoan lagun batek. Haren ustez, entrenatu beharra daukagu pertsona batzuek gugan eragini ezkorrik ez izateko. Nartzisisten aurrean, adibidez, esan zidan oso lagungarria dela harri grisaren teknika erabiltzea. “Zelan egiten da hori?”, galdetu nion jakinminez, eta azaldu zidan nartzisistak zure erreakzioaz elikatzen direla, hau da, eragiten dizuten minak, edo beldurrak, edo lilurak, edo koldarkeriak egiten dituela indartsu. Beraz, nartzisista bat desaktibatzeko, haren aurrean harri gris baten antzera agertzea komeni da; bere akzioen aurrean, egiten duenaren eta esaten dizunaren aurrean, harri gris baten erreakzioa izatea, hau da, emozionalki planoa. Gasolinarik gabe bezala geratzen omen dira. 

Norbaitek zerbait modu zakarrean edo zerbaitengatik agiraka egiten dizunean ere, ba omen dago nola erantzun zauritua ez irtetzeko, edo behintzat lehen une batean babestuago sentitzeko. Adibidez, norbaitek oso manera txarrekin eta zakarki esaten badizu “ez zait batere gustatu egin duzuna!”, egin ezazu froga hau: erantzun berak esandako esaldi berarekin baina galdera moduan. “Ez zaizu batere gustatu egin dudana?”. Honek deskolokatu egiten omen ditu. Espero ez zuten galderaren aurrean, adoregabetu egiten dira, hustu. Zer erantzun jakin gabe geratzen omen dira askotan. 

Ez dakit kasu guztietan hala gertatzen den, esan zidan lagunak, baina komeni da defentsarako tresnak izatea, baita maitemintzean ere. Eta erantsi zuen: “Nik ez dizut esango ez duzunik maitemindu behar minik ez sentitzeko, baina iruditzen zait maitasun harreman batean sartzean ere, batzuetan komeni dela arnesak jarrita joatea, erorialdietatik babesteko”. Eta arrazoi du lagunak, harreman batzuk zortzimilako bat igotzea baino arriskutsuagoak izan daitezke eta. Ondo dago babestea, defenditzea, tresnak izatea. Badaezpada ere.