Síguenos en redes sociales:

Beti gazte

Joxe Azurmendik bazekien, eta horregatik izan da beti jakintsu eta beti gazte

Beti gazteRubén Plaza

Joxe Azurmendiren heriotzarekin batera, haren ekarpen intelektual erraldoiaz gain, bere gizatasuna etorri zait burura, bere kalitate humanoa. Kulturgintzan, euskalgintzan, filosofian, politikan… utzi digun ekarpen erraldoia, mundua marko propio batetik pentsatzeko eman digun aukera… Asko eman digu idazle eta pentsalari bezala, baina, horrez gain, gizatasunean eta dotorezian eman digun lezioa ere azpimarratu nahiko nuke.

Gazte nintzela ezagutu nuen, Jakin aldizkarian. Gogoratzen dut nire lehen liburua izango zena prestatzen ari nintzela, beldur eta ilusio handiz, eta berak ipuin haiei buruz galdetu zidan, idazten nuenagatik interesatu zen, jakinminez. Imajinatu dezakezue zer den idazle berri eta gazte batentzat sentitzea halako intelektual erraldoi baten interesa. Keinu eskuzabala izan zuen hasieratik. 

Gerora berarekin egoteko aukera izan dudanean, beti sentitu dut haren errespetua, aurrean duenari ematen zion balioa, nahiz eta oraindik bidea egiteko duen gazte bat izan. 

Eta hori izan da nik uste Azurmendiren beste balio handi bat. Gazte jendeak egiten zuenari adi egon da, ez du inondik inora ere belaunaldi berriak gutxietsi edo garrantzia kendu, askotan belaunaldi batetik besterako muga horretan gertatzen den bezala. Kontrara, etorkizunean sinesten zuen, eta adi egoten zen gazteen ekarpenari. Beste hainbat idazle eta ikaslek berretsi dezakete berriari jakinminez begiratzeko zuen jarrera hau.  

Azurmendiren interes horrek pentsarazi dit halako pertsonen beharraz. Jende gaztearen munduari interesarekin begiratzeko dugun beharraz eta belaunaldien arteko elkarrizketak dakarren aberastasunaz. Formula ezin hobea da: adineko jendearen esperientziak ematen duen jakituriari gehitzea begirada gazteek eman ahal dioten indarra eta berritasuna. Gizarte aberats eta orekatu bat eraiki nahi baldin badugu, bien arteko elkarrizketa beharrezkoa da. Joxe Azurmendik bazekien, eta horregatik izan da beti jakintsu eta beti gazte.