Vetusta Morlaren Los días raros kanta entzuten ari naizela konturatzen naiz une honetan ni ere egun arraro batean murgilduta nagoela. Egun batzuetan, arrazoi ezberdinengatik, gure errutinatik atera behar izaten dugu eta ohiko lekutik kanpo egoteak atzerritar sentiarazten gaitu geure bizitzan bertan. Nire kasuan, amaren heriotzak atera nau eguneroko errailetik. Eta, horrela, nire eginbeharren eta nire eguneroko arazo txiki edo handien entretenimendurik gabe, bat-batean, sentitu dut bizitza biluz-biluzik agertu zaidala aurrean. Eguneroko errutinatik irteten garenean, bizitzak mozorroa kentzen du, bere esentzia agerian utziz. Bizitza begietara begira geratzen zaigu. Gure eguneroko entretenimenduek haren inguruan sortzen duten sfumato moduko hori gainetik kentzen zaio eta modu argi eta enfokatuan ikusten dugu bizitza. Benetan garrantzitsua den zerbait gertatzen zaigunean, halako batean bizitza zabaldu egiten da eta geure burua infinitu batean sartuta sumatzen dugu, bere dimentsio infinituagatik gainditzen gaituen puzzle baten pieza gisa. Gure egunerokoaren ardatza aldatzen denean asko maite dugun norbaiten heriotzagatik, edo ezustean agertzen den gaixotasun larri batengatik, edo bizitzak ematen digun sorpresa batengatik, halako batean, bizitza argitasun gehiagoz ikusteko aukera izaten dugu. Bizitzak ematen digun oparia da, lagundu nahiko baligu bezala gure egunerokoa beste ardatz eta grabitate-zentro batzuen inguruan ordenatzen. Argitasun horrek, besteak beste, erakusten digu bizitzak oraindik asko duela guri emateko eta guk bizitzari. Vetusta Morlak abesten duen bezala, opari asko geratzen zaizkigula irekitzeko eta txanponak biratzen jarraitzen duela airean oraindik ere. Gehien maite ditugun horiek gabe ere, egunak argituko duela, Eñaut Elorrietak bere Fantasia disko ederrean gogoratzen digun bezala: “Eta gu gabe, hala ere, egunak argituko du”.
- Multimedia
- Servicios
- Participación