Bizikletan nindoan eta bat-batean gelditu behar izan nuen zerbait sartu zitzaidalako begian. Ez nekien zer zen baina laster konturatu nintzen bizirik zegoela, mugitu egiten baitzen nire begiaren barruan. Arraioa, intsektu hegalariren bat zela igarri nuen. Atzamarra begian sartu eta hura gainetik kentzen saiatu nintzen, baina ez nuen inolaz ere lortzen. Pentsatu nuen: negar egingo dut, horrela malkoekin batera irrist egingo du kanporantz. Baina, hala ere, intsektuak han jarraitzen zuen, Monterrosoren dinosauroaren antzera. Ezin izan nuen begitik atera etxera iritsi eta ispilu baten aurrean egoteko aukera izan nuen arte. Eta orduan, han konketaren gainean itota ikusi nuenean, konturatu nintzen gaizki pasatzen ari zen bakarra ni nintzela pentsatzen banuen ere, bazela intsektu bat ni baino egoera okerragoan zegoena. Orduan bakarrik konturatu nintzen, pedalei eragiten ari nintzen bitartean izaki bizidun bat ari zela nire barruan itotzen. Gertatutakoaren ikuspegia zeharo aldatu zitzaidan. Ordura arte, egoera haren biktima bakarra ni neu nintzen. Baina, hara, benetako biktima beste bat zen. Eta pentsatu nuen bizitzan zenbat aldiz sentitzen garen egoera baten biktima agian borrero garenean, konturatu gabe bada ere. Halako zerbait gertatzen da, adibidez, gizon batzuek emakumeen eskubideek aurrera egiten dutela ikustean erasotuak eta ideologia erradikal baten biktima sentitzen direla adierazten dutenean; edota maila sozioekonomiko ertain-altuko norbait kexatzen denean bere zergen zati bat baliabide gutxiko jendeak bizitza duina izan dezan erabiltzen delako. Batzuetan ahaztu egiten zaigu nor den benetan itotzen ari dena, gaizki pasatzen ari dena, bidegabeki tratatua izaten ari dena, eta guri kalte egiten digunari begiratzen diogu bakarrik. Batzuetan mundua sartzen zaigu begian, bere arazo guztiekin, eta gure kezka bakarra soinean daramagun errimela ez zabaltzea izaten da.
- Multimedia
- Servicios
- Participación