Lagun batekin hizketan. Harremanei buruz. Harreman intimoei buruz. “Gauza bat da konpromisorik nahi ez izatea, eta beste bat norbaitekin harreman intimoa izan ondoren, egun batetik bestera guztiz desagertzea; pertsona horri hurrengo egunean zelan zaude ere galdetzerik ez izatea”. Nire laguna haserre zegoen. Oso. Gizon batekin oheratu zela kontatu zidan, eta argi zeukatela biok helburua elkarrekin gozatzea zela, ez zegoela bikote bihurtzeko nahirik inolaz ere, ez alde batetik ezta bestetik ere. Nire lagunak argi zeukan hori, baina ondo iruditu zitzaion hurrengo egunean gizonari mezu bat bidaltzea. “Egun ona izan”, edo horrelako zerbait idatzi zion aurreko gauean bere gorputz osoa miazkatu zuen gizonari. Gizonak ez zion erantzun ere egin. Ez “ondo izan”, ez “ondo egon zen atzokoa”, ez “eskerrik asko”, ez ezer. Konpromisorik nahi ez izateak ez du zertan giza-harreman natural batekin kontraesanean egon. Nire lagunak dion moduan “ez duzu zakar izan behar adierazteko ez duzula nirekin beste ezer nahi”. Ghosting deitzen den praktika oso zabaldua dago, uste baino gehiago. Funtsean da beste batekin harremana izan ondoren, haren mezuei ez erantzutea. Desagertzea inolako arrastorik utzi gabe. Bestearekin harremana inoiz existitu izan ez balitz bezala. Ghosting-arekin batera orbiting delakoa ere existitzen da. Ghosting-aren anai gaztea litzateke. Kasu honetan, harremana ez da guztiz eteten. Abandonatzen zaituenak ez dizu mezu zuzenei erantzungo, ez dizu deirik hartuko, baina sare sozialetan jarraituko zaitu eta noizbehinka “atsegin dut” bat helaraziko dizu, bizirik dagoela eta zure bizitzaren berri baduela adierazteko. Era honetara, zure bizitza monitoreatzen jarraituko du, baina beti urrunetik. Ez dakit zer den okerrago. Harremanak izateko modua aldatzen doa, baina harreman askeak izatearen aitzakian ezin da bestearekiko errespetua galdu. Ezin da bestea zerbitzu gisa tratatu, harreman gisa hartu beharrean. Nahikoa da “egun ona izan” bati, gutxienez “berdin” erantzutearekin.
- Multimedia
- Servicios
- Participación