Denborarekin konturatu naiz pertsona obsesiboa naizela. Buruan zerbait sartzen bazait, han barruan bueltaka egon daiteke arropa garbigailuaren barruan bezala. Atzera, aurrera, une oro zentrifugatzen bezala… Eta gero eta gehiago saiatu burutik kentzen, okerrago. Itsatsita geratzen zait garunean. Nire nortasunaren ezaugarri honi buruz pentsatzen, ondorio hau atera dut: sormenaren munduan, obsesioa batzuetan beharrezko osagai bat dela. Nobela bat idazteko, pelikula bat egiteko, margolan bat sortzeko… artistak obsesiorako joera izan behar du. Obra horretan onena emateko, adierazi nahi duena ondo adierazteko, perfekzioa bilatzeari uko ez egiteko… obsesio bat bihurtu behar da sortzen ari den lana. Ezin da nobela bat idatzi, edo behintzat niri zaila iruditzen zait, kontatu nahi den istorioarekin obsesionatu gabe. Buruan etengabe izan gabe. Beti erabiltzen dugu obsesioa esanahi ezkorrarekin. Obsesioa hitzarekin batera ia gehienetan gainetik kentzeko beharra azpimarratzen dugu. Baina iruditzen zait kasu askotan obsesioak baduela bere alde ona, agian ez hainbeste norberaren buruko osasunerako, baina bai lortu nahi dituzun emaitzetarako. Kirolari baten azalean jartzen naiz, adibidez, eta bere marka hausteko egunero egin behar duen ahalegina eta esfortzua kontuan hartuta, iruditzen zait obsesiorik gabe zaila dela hori egitea. Obsesioei esker lortu dira gauza asko. Obsesioa, irrika, pasioa nahastu dira azken egunotan Athleticen garaipena ospatzeko baita ere. Eta halako batean, ospakizunaren erdian, pasio eta obsesio asko behar duen beste helburu bat gogorarazi digu, zorionez, Asier Villalibrek. Euskara. Eta haren hitzak entzunez, burura etorri zaizkit euskararekin “obsesionaturik” hainbeste lan egin dutenak iraganean eta gaur ere egiten dutenak gure hizkuntzak bere lekua izan dezan gure gizartean, merezi duena. Helburua ederra denean, obsesioa ere ederra bihurtu daiteke.
- Multimedia
- Servicios
- Participación