Parke bateko bankuan eseri naiz. Nirea ez den hiri batean. Nirea ez den herrialde batean. Nire alboan bikote gazte bat, neska eta mutila, hizketan. Zenbait unibertsitate daude inguruan eta ikaskideak direla imajinatu dut, eta hamaiketakoa hartzera atera direla parkera elkarrekin. Galderak egiten dizkiote elkarri. Noiz etorri zinen? Zure lehenengo urtea da? Zure herrira bueltatuko zara? Masterra egingo duzu gero? Zertan gustatuko litzaizuke lan egitea? Etorkizunari buruzkoak dira galdera gehienak. Dena dute aurretik, etorkizun guztia, bizitza oso bat. Eta, nire artean, pentsatu dut bizitzan ia konturatu gabe goazela geure bidea egiten, erabaki bakoitzak duen garrantziaz ohartu gabe, konturatu barik hartzen dugun bide bakoitzak leku ezberdin batera eramaten gaituela eta gure bizitza baldintzatzen duela. Nire alboan dauden gazteak ez dira agian kontziente hartzen duten erabaki bakoitzaren garrantziaz eta pisuaz. Zer ikasi, nora joan, norekin… Dena dute egiteko, edo ia dena. Dena erabakitzeko. Baina nola jakin asmatzen ari garen ala ez erabaki bat hartzean? Sekula ez dago jakiterik, baina gomendioren bat eman beharko banieke, agian esango nieke euren alde irrazionalenak eta instintiboenak eskatzen dienari kasu egiteko. Izan ere, gizarteak hainbat mezu helarazten die erabakiak modu arrazionalean hartzeko, ez hainbeste euren gustuetan edo pasioetan oinarrituta, baizik eta lanpostu on bat lortze aldera, adibidez. Eta berdin pertsonekin, inguruan izango dituzten lagun, maitale, bikoteekin… Askotan ez zaio buruari hainbeste kasu egin behar (nor komeni zaizu, nor ez), bihotzari baizik. Non, zer eta norekin erabakitzeko orduan, barru-barruan dardarizoa eragiten dien horrekin geratzea gomendatuko nieke. Inoiz ez dago jakiterik zein bide den hobea bakoitzarentzat, baina hara abiatzean dardara sentitzen baduzu, emozioak bide hori argitzen duela sentitzen baduzu, agian hori da zure bidea, hori da zure lekua.