Zergatik irabazi behar du beti hitz handi eta borobilak, ñabardurarik gabekoak? Zergatik irabazi behar du hitz zapaltzaileak, arkatzez idatzitako guztiaren gainetik errotulagailu beltz lodia pasa-tzen duenak? Zergatik egiten diegu kasu gehien oihukatzen dutenei eta zergatik gera-tzen dira bozgorailu gabe lasaitasunez eta errespetuz gauzen testuingurua azaltzen saiatzen direnak? Zergatik irabazten du beti mundua beltz edo zuri dela dioenak, eta baztertzen dugu beltzaren barruan grisak daudela erakutsi nahi duena?
Mundua ñabarduraz beterik dago, eta ñabardurak dira egoera ezberdinen benetako dimentsiora hurbiltzen gaituztenak. Mezuak sinplifikatzeko joerak ñabardurak ezabatu ditu gure diskurtsoetatik lixibak zikindutako trapuak zuritzen dituen eraginkortasunaz. Gero eta gehiago dira gizarteko arazoen inguruan azaleko eztabaidak sustatzen dituzten telebistako programak, gero eta azalekoagoak eta zakarragoak dira politikariek kanpainetan erabiltzen dituzten hizkuntza eta mezuak, gero eta leku gutxiago dago zalantza eta xehetasunentzako... Bizitza test batean sartu daitekeela sinestarazi nahi digute. Honen aldekoa zara ala kontrakoa? Bai ala ez? Zuri ala beltz? Zein kutxatilan sartzen zara zu? Jada ez dago aukerarik idatzizko azterketetan bezala, behar bezala azaltzeko buruan daukazuna.
Eta ñabardurarik gabeko munduan errazagoa zabaltzen da jendartean gezurra, eta gezurrarekin batera, beldurra. Zein eraginkorra den beldurra jendea geldiarazteko, paralizatzeko, baliogabetzeko. Argi ikusten ari gara Kataluniako hauteskunde kanpainan. Beldurraren botoaren bila dabiltza beste behin ere. Eta horretarako zein eraginkorra den lixiba botatzea gauzen konplexutasuna azaltzen duten hitzen gainera. Zein azkar desagertzen diren, zein zuri geratzen den orria. Dena gaur eta zerotik hasiko balitz bezala.