Zentro komertzialean sartzen naizen bakoitzean bezala, gaur ere sekulako burukomina sentitu dut hango argi zurien pean. Horregatik (eta beste hainbat arrazoiengatik) saiatzen naiz gutxitan etortzen, baina gaur gauza asko erosi behar nituen denbora gutxian, eta hemen nago, ordaintzeko kutxaren ilaran zain, erosketako organ galtzerdiak, barneko arropak, txandalak, liburuentzako forrua eta koaderno batzuk ditudala. Ikasturtea hasteko beharrezko nituen hainbat gauza.
Ingurura begiratu dut: hainbat pertsona ni bezala orgatxoa gauzez beteta ordaintzeko zain. Eta pentsatu dut hauetako zenbat etorri diren benetan zerbait behar zutelako, eta zenbat etorri diren euren hobby edo zaletasun nagusia erostea izanik euren kontsumitzeko beharra asetzera besterik ez. Eta pentsatu dut baita ere nigan, onartu nahi ez badut ere, ziurrenez jarrera biak nahastuta daudela, izan ere, gizarte honetan zaila baita ihes egitea kontsumoaren erotikatik.
Inoiz baino gehiago dira zailagoak bereizten gaur egun aisialdia eta kontsumitzeko grina, biak gero eta gertuago daude elkarrengatik. Masiboki kontsumitzeko gero eta eskaintza gehiago daukagu (atzoko zine areto zirenak gaurko supermerkatu dira, adibidez), eta gaztetxoen aisialdia gero eta gehiago dago kontsumora bideratua. Gero eta zailagoa da denbora librea ulertzea salerosketa ez badago tartean.
Kontsumitzeko dugun grina asetu nahi horretan erraz ahazten dira asetu beharreko beste behar batzuk. Gauzak erosteak beti dakar insatisfakzioa azkenean, kontsumitzen jarraitzeko gogoa. Baina antzerki obra ikustea, erakusketa bat, liburu bat irakurtzea, lagunekin hitz egitera geratzea, zinemara joatea, soka saltoan ibiltzea, mendira irtetea edo kirola egitea..., gauza guzti horiek aberastu egiten gaituzte. Kontuan izan gaur erosi duzun kamiseta bihar kontenedorera botako duzula, baina aberasten zaituzten bestelako aisialdi moduak beti eramago dituzula zurekin.