"Egia da, egunkarian irakurri dut gaur goizean". Zenbat aldiz entzun dugun esaldi hori, zerbait egunkarian irakurtzeak haren egiatasuna bermatuko balu bezala. Egunkari batean ari naiz idazten, eta honek neure teilatuaren kontra harriak botatzen ibiltzearen antz handia badu ere, denok dakigu gauza bat dela errealitatea eta bestea egunkariek (eta gainontzeko komunikabideek) eskaintzen diguten errealitate horren errepresentazioa. Ez diot beraz komunikabideak gezurretan ari direnik (batzuetan batzuek gezur borobilak botatzen baldin badituzte ere), baizik eta kontuan izan behar dugula beti komunikabide batek errealitatearen errepresentazio bat besterik ez digula eskaintzen, errealitatearen begirada bat.

"Hau ez da pipa bat" dio René Magritteren margolan ezagunak. Bertan erretzeko pipa bat ager-tzen da margotuta. Magrittek azalean utzi nahi zuen koadro hartan agertzen zena ez zela pipa bat, haren errepresentazio bat baizik; marrak eta koloreak zirela mihise baten gainean margotuak. Goizero egunkaria eskuartean hartzean gauza bera pentsatu beharko genuke: han agertzen diren berriak errealitatetik aukeratutako eta begirada konkretu batekin azaldutako errealitatearen fotograma batzuk direla. Errealitatea ulertzeko lagungarri izan daitezkeenak kasu batzuetan, baina ez direnak errealitatea.

Gertaeraren ondoren, gertaera hori azaltzeko datorren guztia errepresentazioa da. Eta hau ez da komunikabideetara murrizten. Demagun lagun koadrila batean haietako bi haserretzen direla. Koadrilako bakoitzarekin banan-banan hitz eginez gero, bakoitzak gertatutakoaren bertsioa emango dizu, gertatu denaren errepresentazioa eskainiko dizute, guztiz ezberdina kasu askotan.

Neure buruari galdetzen diot Hungarian poliziatik ihesi zihoazen errefuxiatuak zangotrabaz lurrera bota dituen emakume kamera horrek jasotako irudien ze edizio egiteko asmoa zuen. Ze begirada eskaintzeko asmoa zien ikus-entzuleei han gertatutakoaz.