Oporretako argazkiekin ere gertatzen da maiz. Argazkian agertzen den egunsentia ez da bertan bizi zenuena bezain ederra. Eta lagunari erakusten diozunean errealitatean askoz ikusgarriagoa zela esaten diozu, baina jakin badakizu zuk sentitu zenuen lilura hura ez duela sentituko sekula ere lagunak, ez duela usainduko hango edertasuna. Minarekin, indarkeriarekin, pertsona batek sufritu dezakeen egoera latzenekin ere, antzekoa gertatzen da. Besteek ikusiko dute minak edota indarkeriak zure gorputzean, zure buruan, zure portaeran utzi duen arrastoa, baina sekula ez dute jakingo bizi zenuen hura zer izan zen. Ez dute asmatuko zure barruan duen tamaina. Egunotan jakin dugu Nigerian askatu dituzten emakume eta neskatiletako berrehun inguru haurdun daudela. Ikusi ditugu haien irudiak, en-tzun ditugu haien testigantza latzak. Heriotza ikusi dute begien aurrean, sistematikoki izan dira bortxatuak, hainbat hilabetetan zehar. Beste behin, emakumeen gorputzak guda-zelai bihurtuta.
Eta guk minaren emaitza ikusi dugu: lur jota dauden emakumeak, laguntza psikologikoa behar dutenak, betirako markatuak geratu direnak Baina ez dugu inoiz jakingo zelakoa den haien mina, zelakoa izan den bizi izan duten infernua. Ez gara bertan izan. Ez dugu izua usaindu. Torturatuak ere azalduko du epailearen aurrean, prentsaurreko batean, edota Legebiltzarrean zelakoa izan zen bost egunez komisaria bateko zulo batean bizi izan zuen infernua, eta aipatuko ditu poltsa, eta elektrodoak, edota kolpeak. Baina ezinezkoa izango zaio besteei sentiaraztea berak egun eta gau luze haietan (eguna edo gaua zen jakin gabe) sentitu zuena. Ondorioak ikusiko ditugu bakarrik, adierazpenak, baina ez gara bertan izan. Ez dugu izua usaindu. Minarekin oporretako argazkiekin bezala gertatzen da. Saiatu zaitezke lagunari azaltzen zein une ederra izan zen bizitako hura, baina laguna ez da bertan izan, eta ez du inoiz usainduko une hartako edertasuna.