Nire alabari koloreak gustatzen zaizkio. Ez bereziki kolore bat edo beste, koloreen nahasketa baizik. Horrela, marrazten duen etxe baten horma ez da inoiz zuria edo grisa harentzat. Goitik arrosa da, ezker aldetik gorria, erdi-erdian bihotz more bat izango du, eta eskuin aldean urdin koloreko izar bat. Bukatzean, orria altxatzen du, besoa luzatuz, eta margolarien antzera urrunetik begiratzen du marrazkia, begiak pixka bat txikituz. Ortzadarra marrazten da haren begietan. Baina ze koloretakoa da etxe hau?, galdetzen diot, eta berak erantzuten dit: ba tutti-frutti, ez duzu ikusten ala?

Txiki txikitatik izan du marrazteko joera eta gustua, eta atentzioa ematen dit inoiz ez didala galdetu zein koloretakoa den ezer. Inoiz galdetu dit zelako forma duen itsasontzi batek, edo nola marraztu dezakeen txakur bat, baina koloreak berak aukeratu ditu beti. Berak badaki, antza, gauzak ez direla kolore bakarrekoak, gauzak kolore ezberdinetakoak ikusten ditugula batzuk eta besteek. Duela aste pare bat internetetik biraka ibili den soinekoa honen adibide garbia da: batzuentzat urre eta zuri zen eta beste batzuentzat beltz eta urdina.

Inoiz entzun diot jendeari esanez Gasteiz hiri gris bat dela. Ez daukala bizitasunik, ez duela kolore bizirik. Baina nire alabak ondo dakien bezala, begiratzen duten begiek eta erabiltzen diren betaurrekoek zerikusi handia dute ikusten den horren itxuran. Eta horregatik lasai nago, pozik, izan ere, pentsatu nahi dut nire alabak ez duela ikusten eta aurrerantzean ere ez duela ikusiko hiri gris bat. Eta nire alabaren antzera, jende askok nahi duela koloretako hiri bat, Gora Gasteiz ekimenak aldarrikatzen duen moduko hiri plural bat, non pertsonen jatorria, generoa, orientazio sexuala edota erlijioa ez diren oztopo izango, horma gris bat koloreztatzeko margo biziak baizik. Nire alabak marratzen duen etxe handi eta koloretsu horiek bezala. Gora Gasteiz!