Afaltzen gaudela, hiru urteko alabak sukaldeko mahaiaren gainean luzatu ditu eskutxoak eta atzazkalak margo-tzeko eskatu dit, azkar margotzeko gainera. Zergatik margotu nahi dituen galdetu diot, eta zergatik duen halako presa. Ikastolara neska antzarekin joan nahi duela erantzun dit. Nire alabak nahiko motza du ilea, eta dirudienez, gelako lagun batzuek esan omen diote, pixkat "arraroa" dela, ez duela neska baten antzik, neskek ile luzea daramatelako. Horregatik atzazkalak margotzeko urgentzia. Besteengandik ezberdin sentitu da eta atzazkalekin konpondu ahalko duela pentsatu du.

Iñauteri hauetan inoiz baino neskatila gehiago ikusi ditut printzesa mozorroarekin. Edurnezuri, Rapuncel, Disneyko printzesak... han eta hemen ibili dira euren edertasuna eta samurtasuna erakutsiz. Izan ere, ipuinetako printzesaren irudiak hori islatzen du: emakume ederra, atsegina, samurra... baina, ez dezagun ahaztu, mendekoa eta pasiboa. Bere bizi proiektu guztia gizon baten bizitza osorako maitasuna lortzean oinarritzen duena. Hori da helmuga, horra heldu eta fin.

Emakume guztiok gordetzen dugu barnean printzesa bat, horrela heziak izan garelako eta emakumeen indarra, ahalmena eta boterea ahazten dituzten eta mendekotasuna azpimarratzen duten balio asko barneratu ditugulako bizitza osoan zehar. Baina iruditzen zait azkenaldian printzesismoak gora egin duela neskatxoen artean, inoiz baino "markatuagoak" daude haien jostailuak eta arropak, inoiz baino eremu estuagoa eskaintzen zaie euren nortasuna eraikitzen joateko. Eta ez dezagun ahaztu ez dela beraiek aukeratu duten zerbait, norbaitetik bultzatutako moda edo joera batek ezartzen diena baizik.

Atzamar lodiko atzazkala margotu diot lehenengo. Arrosa fukziaz margotu dizkiot hamarrak. Indarrez hartu dut gero arnasa. Eta ez bakarrik hasperen egiteko. Izugarri gustatzen zait atzazkalak margotzeko lakaren usaina.