Erabakitzea zaila da. Huts egiteko arriskua dakar. Erabakiak hartzeko beldurrak, askotan, guri dagozkigun erabakiak beste batzuen eskuetan uztera garamatza. Erabakitzea zaila da, beste pertsona batzuekin liskarrak izateko arriskua dakarrelako, eta ez dizulako aukerarik ematen isiltasunaren eta inmobilismoaren erosotasunean gordetzeko. Baina hala ere, erabakitzeak egiten zaitu benetan zaren bezalakoa, besteen aurrean eta baita zeure buruaren aurrean ere. Erabakiak hartu ahal ditugu edo beste batzuen eskuetan utzi. Baina beti ezin dugu bi aukera hauen artean hautatu, zenbait kasutan erabakirik hartzeko baimenik ere ez dugulako izaten. Adineko pertsonekin gerta-tzen da, adibidez. Behin adin batera helduta, kasu askotan euren seme-alaben esku gera-tzen dira haien bizitzen inguruko hainbat erabaki. Bat batean, euren bizitzen ikusle soilak bihurtzen dira, almazen batean ahaztutako manikiak, infinitura begira. Behin euren bizitzako kontrola galduta, orduan bai zahartzen dira.
Azken aldian, emakumeek erabakiak har-tzeko dugun gaitasuna kolokan jartzen ari da baita ere, geure gorputzen gain erabakitzeko ahalmena kendu nahi diguten lege aldaketekin, geure bizitzarekin zerikusia ez duten pertsonek geure buruaren gain erabakitzeko geuk baino eskubide handiago balute bezala. Adin txikikoekin ere gertatzen da. Nagusiak ez izateak ez du esan nahi gauzak erabaki-tzeko ahalmen guztia ukatu behar zaienik. Aukeratzeko oihutura ere ikasi egiten da, eta erabakitzen jakiteko gaitasunean trebatzea garrantzitsua da.
Eta gertatzen da ere herriekin, hemendik ondo dakigunez. Herri guztiek ez dute euren etorkizunari buruzko erabakiak hartzeko baimenik.
Askotan hitz egiten da besteen erabakiak errespetatzearen garrantziaz. Baina batzuei aurretik dagoen pauso bat ahazten zaie: norbaiten erabakia errespetatzeko, lehenago erabakitzeko aukera eman behar zaio.