musikak asko erakusten digu bizitzaz. Bizitzari beste dimentsio eta aberastasun bat emateaz gain, musikak lezio asko ematen dizkigu. Doinu bat, kanta bat, izan daiteke konposaketa bikain bat, baina musika horri bere ezaugarri, balio eta bertute guztiak atera ahal izateko talde lana behar da. Ez da nahikoa gitarraren interpretazioa, ez da nahikoa tronpeta, bateria, biolina edo ahotsa. Kantak denak behar ditu bikaina izateko, bere ahalmen guztia plazaratu ahal izateko. Kantak behar du musika konposa-tzaile bat, baina baita hitzak idatziko dituena. Talde lanaren indarra beste edozein arlotan baino modu adierazgarriagoan agertzen da musikan.

Ezberdinen arteko kolaborazioak dakartzan onurak egiaztatu arte, lorpenak banakakoen kontuak direla pentsatzeko arriskua daukagu. Baina batek dakiena beste batek dakienarekin batzean, batek pentsatzen duena beste batek pentsatzen duenarekin alderatzean, biderkatu egiten dira indarrak, eta behin hau egiaztatuta eta ikasita, ohikoena edozein erronkari aurre egiteko kolaborazioa bilatzea izaten da.

Berdin enpresa, erakunde, elkarte, alderdi politiko, herri zein musika edo futbol talde batean, talde lanaren indarra onartu eta erabiltzen ikasten duenak, sekulako aurrera pausua egin du bere helburuak lortzeko bidean. Ez da berdina jende multzo bat edo talde bat. Taldeak bi ezaugarri izan behar ditu behinik behin: helburu berdinaren alde lan egiteko asmoa izatea, eta taldeko kide bakoitzaren ezaugarri, iritzi eta ekarpenak kontuan har-tzea.

Herri honek asko daki talde lanaz. Taldean egindako lan anonimo asko egin da urtetan hizkuntzaren alde, giza eskubideen alde, edo herriaren eskubideen alde. Nahiko nuke egunen batean herri honetan gatazkaren loka-tzak zikindutako heriotzek eragiten duten mina baretuko duen abesti polifoniko eta eder bat entzun ahal izatea.