emakumeak urduri daude, bata besteari begira, igerilekuaren ertzean. Baina ordainagiria ekarri behar al zen? Lasai, monitoreak esango digu. Dena da galdera eta kezka. Gaur hirugarren adinekoentzako aquagym-eko ikastaroa hasiko dute, eta ezin dute lehen eguneko urduritasuna ezkutatu.

Aldagelatik irteten direnek, aurrez aurre emakume taldea aurkitzean, haiengandik urrun-tzen saiatzen dira, urgentziaz, erlekumea saihestuko balute bezala. Zizt egingo dieten beldur dira antza, eta ziztadarekin kutsatuko dietela zerbait, nik dakit, zimurren bat agian, edo loredun bainujantziek agerian uzten dituzten izterretako barizeak, edo eskuak okertzen dizkien artrosia. Mesedez andrea, esanez albo batean uzten dituzte, eta haien keinuetan mespretxua eta errukia nahasten dira.

Eta emakumeak albo batera egiten dute, noski, beti traba egiten daudela sentitzen dutelako, beti daude erdian, mundu honetan probetxuzko gauzak egiten dituztenen bideak oztopatuz etengabe. Uretara korrika doazen gizon eta emakume gazteek, horiek bai egiten dituzte probetxuzko gauzak: enpresak gidatu, errepideak egin, liburuak idatzi, legeak onartu, etxeak eraiki?

Beraiek ez. Beraiek etxea eramaten dute, beti egin duten bezala, ilobak jasotzera joaten dira eta parkean askaria ematen diete, gaixorik dauden senideak zaintzen dituzte, beste etxe ba-tzuetara eramango dituzten tupperrak bete, atuna eta tomatea potetan sartu eta senideen artean banatu, edo supermerkatuan komuna garbitzeko lixiba erosi. Ez dute besterik egiten.

Ez dute garrantzi handiko gauzarik egiten, bakarrik igerilekuaren erdialdean egon, mundua altxatzeko misioa dutenen bidean traba eginez.

Emakume nagusiena izango da nire ustez gure gizartean gehien gutxiesten den taldeetako bat. Ospea kentzeaz gain, gainera, hainbeste aldiz uzten dira barregarri? Batzuetan ez da erraza bainu-txano baten azpian dagoen balioa antzematea. Uretako betaurrekoak kendu behar dira horretarako.