argazkilariak aulkitxo batean eseri zaitu eta irribarre egiteko eskatu dizu. Nortasun agiria berritzeko argazkiak behar dituzu. Ez diozu ezer esan, flashak ahoa irekita harrapatuko zaituen beldurrez, baina esateko gogoarekin geratu zara, NANaren argazkian ez duzula eder agertu nahi, ezta erakargarri, ezta interesgarri ere. Ez dezala bilatu gehiago zure irribarrea. Zuk argazkian errugabe agertu nahi duzula, besterik ez.
Izan ere, une horretako zure aurpegiaren keinua erabakigarria izan daiteke, errepideko kontrol batean, edo aireportu batean?, polizia agertu eta errudun aurpegia jartzen zaizun leku horietako edozeinetan. Horregatik, argazkian ez duzu irribarrez agertu nahi, ezta oso serio ere. Zure keinua ahalik eta neutralena izan behar da, ez duzu aten-tziorik eman behar, jende-aurpegia izan nahi duzu, ikastolako garaietan irakasleak arbelera norbait atera behar zuenean jartzen zenuen aurpegi bera erakutsi nahiko zenuke.
Egunerokoan, baina, pertsona batzuek poliziaren aurrean egongo bazina bezala sentiarazten dizute, eta hor ez dago salbatuko zaituen argazkirik. Errugabetasun presun-tzioa zer den ere ez dakite, errugabetasuna frogatu beharko duzun zerbait da. Beti erakutsi beharko diezu egiten duzunarekin ez dituzula iraindu nahi. Zerbaitengatik zoriontzen badituzu beraiengandik zerbait nahi duzula pentsatuko dute, zoriontzen ez badituzu gutxiesten dituzula. Beti daukate esku bat ezkutuan, eta esku horretan aho zorrotzeko laban bat, une batetik bestera zizt egiteko prest.
Pertsona hauekin hitz eta keinu bakoitza kontuz eta arretaz aukeratu behar duzu. Ez duzu irribarrerik egin behar, eta ez duzu oso serio agertu behar haien aurrean, egoera neurtu arte behintzat. Modu neutroan begiratu behar diezu, hain justu, poliziari begiratzen diozun modu berean, errepideko kontrolean, hitz hauek entzun aurretik: aparque a la derecha, pare el motor y baje del coche.