Goizero ikusten ditut, lehen orduan. Balkoira irteten dira, gizon eta emakume, etxeko zapatilak eta txabusina soinean. Zigarro bana atera eta sua ematen diete, eta han geratzen dira, estatuen antzera geldi-geldirik, hitz egin gabe, gosaldu ondorengo zigarroa erretzen, infinitura begira.
Ikusi nuen lehen aldian, bikotearen irudia patetikoa iruditu zitzaidala aitortu behar dut. Baina egunero elkarrekin zigarroa dastatzen ikusten ditudan heinean, pentsatzen dut zein garrantzitsua den bikote batentzako gustu, bizio, interes eta desio antzekoak izatea, eta bizimodu antzekoa eduki nahi izatea.
Eta ez naiz noizbehinka elkartzen diren bikoteei buruz ari, edo asteburuko amodio-aferei buruz, hor agian pasioa eta erakarpen fisikoa beste guztien gainetik egon daitezkeelako, eguneroko bizitza partekatzea erabakitzen duten bikoteei buruz ari naiz, elkarrekin bizi direnei buruz. Kasu hauetan oso zaila izaten da bikotearen oreka eta ongizatea mantentzea, batek ez badu alkoholik dastatzen, adibidez, eta besteari izugarri gustatzen baldin bazaio txikitoak hartzea; edo batek asteburuetan mendira irtetea maite badu, eta besteak nahiago izaten baditu domeka eguerditako rabak; bati zuzeneko kontzertuetara joatea gustatzen bazaio eta besteari musika eta zarata sinonimoak iruditzen bazaizkio; edo batek seme-alabak izatearekin amets egiten badu, eta besteak umeei alergia badie.
Oso garrantzitsua da bizimodu antzekoak maite izatea, baina, aldi berean, zein garran-tzitsua den pertsonak euren artean ezberdinak izatea. Eta bizitzak erakusten digu lotsatiek bikote berritsu eta irekiak aukeratzen dituztela, eta bizitza pasioz bizi dutenek, pertsona arrazionalak nahi izaten dituztela alboan, agian lege biologikoren bati jarraituz, ondorengoak pertsona orekatuagoak izan daitezen.
Ikusi nituen lehen unean, barregarriak iruditu zitzaizkidan, baina hara non, bikote ideal eta perfektuaren aurrean egon naitekeen eta ez naizen gaur arte konturatu ere egin.