EGUNERO pasatzen naiz goizean goiz, bizikletan, Lauzurica ehorztetxearen ondotik, eta aitortu behar dut egunari begiratzeko ikuspuntu berezi bat eskaintzen didala. Urrunetik bezala ikusten dut nire burua, eta bat batean, nire bihotzeko taupadak ozenago entzuten ditut. Bizirik nago. Nire arazoak, orduan, txikiagoak bihurtzen dira, hegazkin batetik errepidean ikusten diren autoen tamaina hartzen dute gutxi gora behera. Ezkerrera begiratuz gero, Txagorritxuko ospitalea ikusten dut, eta lasaigarria da pentsatzea ez zaudela hango pasilloetan, edo hango oheren batean etzanda, edo ez zaramatzatela hara presoak kartzelatik eramateko erabiltzen duten furgoi zuri horietako batean. Metro batzuetara, eskuinera begiratuta, Udalaren larrialdietarako harrera zerbitzua. Ia goizero ikusten dut norbait handik irteten, bere bizitza motxila batean laburbilduta, noraezean. Goizeko tourrak, dudarik gabe, nire egoeraz eta zorteaz ohartarazten laguntzen dit.
Baina nora begiratzen den, gauza bat edo beste ikusten da. Erabaki nezakeen Armentiako txaletei begiratzea, inbidiaz; edo zeruan hegazkinak utzi duen arrasto zuriari, ernegatuta, ez nagoelako han, paradisu baterako bidean, adibidez; edo goizeko eguzkiari, haserre, goiz guztia bulego batean sartuta igaro beharko dudalako eta ezin izango ditudalako haren argitasuna eta beroa sentitu eta gozatu.
Suposatzen dut hamalau milioiko kalte-ordaina kobratu behar duen bankariari an-tzeko zerbait gertatuko zaiola. Kobratu behar duen diru kopurua ez zaio horrenbesterako irudituko, izan ere, ziur nago ikusmen txarra izango duela urrunerako, eta bakarrik oso gertu duena ikusteko gai izango dela: ziurrenez, bera bezala bizi diren pertsonak ikusiko ditu bakarrik. Gainontzekoa, lauso ikusiko du. Agian bista kontua izango da dena. Agian ekonomistak baino, hobe genuke oftalmologoak kontratatzea krisi honetatik ateratzen lagun-tzeko. Probatzearren?