oraindik gogoan duzu zure lagunek euren etxeetan egun batzuk pasatzera gonbidatzen zintuztenean. Madrilen, Mallorcan edo Londresen bizi ziren lagunen etxeak ezagutu dituzu horrela. Baina aspaldi ez zaitu inork gonbidatu, eta hain justu gonbidapen eskasia ama izatearekin batera etorri da. Ez da harritzekoa: orain ezin duzu bat-batean antolatutako edozein planetan parte hartu, orain ezin da zurekin garai batean bezala ordutan hitz egiten egon bazkaltzeko, afaltzeko edo lo egiteko ordua den kontuan hartu gabe. Orain pack baten parte zara, poltsa bat eta xanpu bat oparitzen dituzten aldizkari horien antza hartu duzu, inon kabitzen ez den kartoi erraldoi bati itsatsita zaude. Orain ez zara zu bakarrik. Orain zu eta atzetik segika dituzun txitak osotasun bat bilakatu zarete, eta zuen ordutegiak dituzue, eta zuen bero-tzeko pureak. Orain oporretako argazkia hondatzen dizun turista taldea zara, leku gehiegi betetzen duzu, eta ez duzu nahikoa edozein bazter lo egiteko. Gurpil txikiak dituzten maleta erraldoi horietako bat bezalakoa zara, ez dago zurekin kalera aurrera egiterik, beti geratzen zaizu umeren bat eskailera baten saltoka, edo espaloian eserita. Baina nola nahi duzu inork gonbidatzea, elkarrizketa bat jarraian edukitzeko gai ere ez bazara. Hitz egiten dizunari ez diozu begietara begiratzen umeak zaintzen zaudelako, eta elkarrizketa guztiak erdizka uzten dituzu umeak eskua entxufean ez sartzeko edo pareta ez margotzeko altxatu behar duzulako. Eta zaratak, ai zaratak. Zu bakarrik gonbidatzen zintuztenean, etxeko jabeak esnatzen ziren arte, ez zinen zure gelatik irteten. Orain, zure gerrillari txikiek goizeko zazpietarako hartuta dute etxeko pasilloa. Beti txaranga batek lagunduta bezala bizi zara. Ez da harritzekoa, beraz, gonbidapenik ez jasotzea, izan ere, zutaz gogoratzen direnean, zure sateliteen gerizpean ikusten baitzaituzte. Eta normala da, aldizkariarekin batera datozen opariak beti dira deigarriagoak aldizkaria bera baino.