NORVEGIAKO hiriburua zein den galdetu dizute eta segundo batzuen ondoren erantzun duzu: Oslo. Baina erantzun gabe egon zaren segundo horietan gorritu egin zara, zure bihotza azkarrago hasi da taupadaka, kulturarik gabeko pertsona bezala agertzeak izugarri beldurtzen zaitu eta. Lotsa sentitzen duzu Afrikako mapan ez baduzu Chad non dagoen azkar asmatzen, edo 7 bider 9 biderketaren emaitza automatikoki erantzuten ez baduzu. Eta horregatik zaude hain arduratura zure seme-alaben heziketaz. Izugarria da nola puzten zaizun paparra zure alabari ingelesez zorionak nola esaten den galdetzen diozunean eta ezpainak okertuta "congratulations" erantzuten dizunean. Munduko alabarik azkarrena duzu.
Eta arrazoi duzu, oso garrantzitsua da kultura orokorreko hainbat kontzeptu buruz ikastea, oinarri sendo bat edukitzea mundua zer den eta munduan nor garen jakin ahal izateko, baina agian ez zenituzke ahaztu eta bazterrean utzi behar zure seme-alaben bizitzarako horiek bezain garrantzitsuak diren beste ikasketa batzuk.
Arriskutsua izan daiteke pertsona baten maila kulturala eta adimena Trivialeko galderei erantzuteko duen gaitasunaren arabera neur-tzea bakarrik. Agian, ikasleak lehiaketak irabazteko baino, emozionalki ere heziko dituen hezkuntza sistema bat aldarrikatu beharko genuke. Enpatia sentitzen irakatsiko dien sistema bat, konfliktoei nola aurre egin irakatsiko diena, porrotei aurre egiteko gaitasuna garatzen lagunduko diena, erabakiak hartzera, emozioak erakustera, euren buruekin gustura bizitzera. Modu eraginkorrean pentsa-tzeko eta erabaki zentzudunak hartzeko emozioa ezinbesteko ezaugarri bezala aldarrikatuko duen hezkuntza sistema bat. Izan ere, Norvegiako hiriburua zein den jakiteko edozein momentutan liburu batean edo interneten kontsulta egiterik badago, baina badaude beste gauza batzuk egunez eguneko ikasketaren bitartez bakarrik ikasi daitezkeenak.