DENA egiten duzu presaka. Dena ahalik eta azkarren bukatu nahiak mendera-tzen zaitu, eta ezin duzu disimulatu hurrengo zeregina korrika egiten hasteko duzun grina hori. Beti pentsatu duzu zure egoera ez dela salbuespena, gizarte honetan ia inork ez baitu izaten denborarik kalean inkesta bati erantzuteko, edo sinadura mahai batera hurbildu eta bi minutu galtzeko. Denek erabiltzen dute aitzaki bera: barkatu, presaka nabil. Zenbatetan erantzun duzun zeuk ere gauza bera.
Zure arazoa, baina, ez da denbora gutxi duzula, edo zure gain zeregin gehiegi hartzen dituzula, edo zure ordutegiak gaizki antola-tzen dituzula. Zure arazoa presa bera da, etengabe presaz ibili beharra. Denbora izanda ere, presaz egiten baituzu dena. Baita lo ere. Ohean etzanda, presaka irakurtzen dituzu liburuaren lerroak, kapituluaren bukaerara ahalik eta lasterren heltzea desiratuz. Bi orri irakurri, erlojuari begiratu, eta lo egiteko zenbat ordu geratzen zaizkizun kalkulatzen har-tzen duzu loa. Beraz, zure loa ezin arduragabea izan, zure ametsetan erlojuaren orratzen soinua entzun behar, derrigorrez. Eta ira-tzargailua entzutean, ohetik salto eginez jaikitzen zara eta bat batean sukaldean zaude, kafea prestatzen, eta ez dakizu nola heldu zaren hain azkar hara, etxeko zapatillak noiz jantzi dituzun ere ez dakizula.
Eta arrazoi duzu, ez zara salbuespena, ez baita zaila ikusten presaka egindako zenbat gauza ditugun inguruan: presaka bukatutako eraikinak daude, hauteskundeen aurretik inauguratu ahal izateko; presaka idatziriko nobelak, idazleak egunkarietan agertzeko unea heldu zaiola pentsatu duelako; presaka sortutako bikoteak... Jada ileapaindegian ere ez dizute burua lasaitasunez eta patxadaz garbitzen, buruan masajea eginez, garai batean bezala.
Arrazoi duzu guzti horretan. Eta ulertzen dut, baina ezin dudana ulertu da nolatan ari zaren presari buruzko hausnarketa hau egiten, presaz idazten ari zaren artikulu batean.