AuRPEGI batzuk belaunaldi eta garai baten ispilu dira. Eta autobus honetan badira bi edo hiru. Atzeko partean, gizon bat: argala, begizuloak, eta kraterrak aurpegian. Aurrerantz orraztu ditu kopetako ileak soilguneak eztaltzeko. Zahartuta dago, baina ez da hain zaharra. Garai batean afeitatuta zeraman burua eta inoiz gandorra ere eraman du, baina zaldiarekin hasi zenean, bere itxuraz ahaztu zen, eta urrun egin zuen hegan, hain urrun non inork ezin zion heldu. Heroina utzi zuenetik urteakpasatu badira ere, bere begiradan antzematen zaio inoiz kolorez zipriztindutako mundu batera arte egin zuela hegan, eta kolore haiekin alderatuta, gaur lurrean ikusten duen guztia iruditzen zaiola grisa, natura hila.
Atearen alboan, emakume batek umearen aulkiari heltzen dio eta leihotik begiratzen du, inora ere ez. Gorriz margotuak ezpainak, ile motza, beltzez jantzia, badago haren estiloan zerbait orain dela hogei urte Toy Dolls-en kon-tzertu batean imajinatzera eraman zaitzakeena, edo taberna bateko komunetan speed lerro bat sartzen, Fugazziren azkena abestu bitartean. Gaur ez du erretzen, ez du alkoholik edaten, yogarekin konbinatutako pilates praktikatzen du eta asteburuetan osasun naturalari buruzko aldizkariak erosten ditu. Txoferrak balazta zapaltzen duen bakoitzean aulkitxotik zintzilik daraman dietetika eta produktu ekologikoen dendako plastikozko poltsa kulunkatzen da, baina bere begiradak finko jarrai-tzen du, inon ere ez.
Aurreko aldeko eserleku batean, takoidun zapatak eta ilea kardatuta duen emakume bat. Duela hogei urte imajinatu dezaket gona hippi luze horietako batekin, koloretako abarketekin, hachisa eta belarra erretzen,Bob Marleyren erritmora burua mugitzen. Gaur, zapata plano, ile luze zimel eta aurpegian kolorerik gabeko urteetaz libratu nahi du begiak urdinez eta ezpainak arrosa fukziaz margotuta. Baina belarrietan balantzaka daramatzan latoizko belarritako luze horiek salatzen dute.