gaur egun ia ez dago benetako urrunaldirik. Garai batean udako oporraldietara joateak neguko lagunekin irailera arte kontaktua galtzea suposatzen zuen; udako harreman asko abuztuaren amaierako agurrarekin bukatzen zirela onartzen genuen; norbaitekin telefonoz hitz egin nahi izanez gero, etxean harrapatu behar genuen; eta gizonak gudetara edo itsasora joaten zirenean, hilabetetan ez zuten familiek haien berririk.

Gaur ia ez dago benetako urrunaldirik. Etengabe gaude konektaturik eta bestearekin harremanetan jartzea lortzen ez dugunean haserretu egiten gara. Nire lagun batek, deiei erantzuten ez diodanean, haserreturik esaten dit gero ia patata-soro batera bota dudan telefonoa. Eta uste dut, gaur egun ia guztiok sentitzen dugula halako frustrazio bat telefonoa hartzen ez digutenean, bidalitako mezu elektroniko bati ordu erdiko epean erantzuten ez digutenean, edo gure Facebook-eko horman idatzi dugun zerbaitek Atsegin dut bat ere jasotzen ez duenean. Berdin kalera telefono gabe irteten garenean: galduta sentitzen gara, munduarekin lotzen gintuen zilbor-hestea moztu izan baligute bezala.

Eta susmoa dut etengabeko konexio honek ahulago egiten gaituela benetako urrunaldiaren aurrean. Agian gaur inoiz baino gaitasun gutxiago daukagu maite dugun norbaiten galerari aurre egiteko; edo banantze bat gainditzeko; edo kartzelan dagoen lagun bat une bakoitzean nola egongo den jakin barik bizi ahal izateko.

Agian inoiz baino ahalmen gutxiago dugu bakarrik egoteko, kontzentratzeko, barnera biltzeko. Izan ere, bizi dugun etengabeko interkonexio honek ez dut uste gure komunikazioa hobetu duenik, areagotu bai, baina bakartasunerako eta isiltasunerako uneak ere lapurtu dizkigu. Eta benetan zaila bihurtzen da kalitatezko komunikazio bat lortzea inorekin, zer pentsatzen dugun asmatzeko isiltasun eta isolamendu tarterik aurkitu ezean.