ASKOTAN pentsatu dut zenbat jende hil den bere talentua garatu eta erakusteko aukerarik izan gabe. Talentu aparteko pertsonak garai eta familia guztietan egon dira, baina gutxi batzuek izan dute talentu horri irtenbidea emateko aukera, eta hainbat pertsona daude munduan izugarrizko potentziala izan arren, inoiz garatuko ez dutenak.
Testuinguruak asko esan nahi du. Askok, musikarako ahalmen naturala izan arren, ez du garatu ikasketak egiteko baliabide ekonomikorik izan ez duelako; beste askok ez du margotzeko zuen abilezia erakusteko aukerarik izan, guda baten erdian jaio delako, edo guda osteko gizartean bizitzea egokitu zaiolako; hainbat pertsona daude eta egon dira munduan, zientzia, artea edo beste edozein alorretan izugarrizko ahalmena izan arren, emakume jaiotzeagatik ez dutenak "norberaren gela" izan non ahalmen hori garatu, edo ez zaizkienak euren talentua erakusteko beharrezkoa zuten konfiantza eskaini.
Baina, hauez gain, badago beste arrazoi bat gizakia norberaren abileziak ezkutatzera bultzatu dezakeena: taldetik bereizterik nahi ez izana. Ume batzuek, eskolan, ikaskideek baino ordu erdi lehenago bukatzen dituzte azterketak, baina, oraindik inork bukatu ez duela ikusita, azterketa entregatu beharrean zain egoten dira beste norbaitek egin arte. Orduan entregatzen dute beraiek ere. Ez dute besteen azpitik egon nahi, baina gainetik ere ez, taldean nahasita egotea desio dute. Laster ikasten dute haurrek gizarte honetan estandarra izatea dela onena: ez zaitez klaseko tontoa izan, baina ezta azkarrena ere, zeure burua diana baten erdian jartzen baituzu taldetik bereiztuz gero.
Literaturako klasean irakasleak poema bat irakurri du, eta hamasei urteko gaztetxoa hunkitu egin da, listua irentsi behar izan du poemak barne-barnean zizt egin diolako. Baina poemari barre egiten dioten bere laguntxoen artean ezin du erakutsi, dohain bat izan arren, berarentzat ahulezia dena, eta, agian, tamalez, poema bat idazteko sekula erabiliko ez duena.