ez naiz ohitzen neure barne ahotsa ez den beste ahotsetara. Urteak egin ditut besteen ahotsak entzuten, jaio nintzenetik edo seguru asko aurretik, amaren sabelean nengoenetik, baina oraindik ere askotan irudi-tzen zait ingurukoek altuegi hitz egiten dutela, neure buruan sartzeko ahaleginean eraso egiten didatela. Gaizki egon arren kalean topatzen duzunei ondo zaudela esan behar hori ere kostatzen zait, nahiz eta askotan egin. Ez naiz ohitzen tabernan kafea hartzean tabernariak egiten dituen komentario erraz, demagogiko eta grazia gabekoetara, eta hala ere, kafea ordaintzen diodanean erdi-irribarre egiten diot. Ez naiz ohitzen neure bizitzaren abiadurara. Neure orduak, neure altxorrak izan arren, gustatzen ez zaizkidan gauzei eskaintzera behartuta sentitze horrek desoreka handia eragiten dit. Ez naiz ohitzen egungo gizartea bustitzen duen ergelkeriara. Leku gehienetan agertzen da: telebistako programa batean, politikari baten diskurtso hutsal eta sinesgaitzean, azalkeria baino saltzen ez duten festibaletan edo kulturaren izena erabiliz antolatzen dituzten dibertimendurako eta alienaziorako ekimen ezberdinetan? Ez naiz ohitzen gure gizartean protagonista izateko bete beharreko baldintzetara: hitz egin beharrean oihuka egiten baduzu, hobe; logikoak diren zalantzak azaldu beharrean beti "egi borobilak" esaten badituzu, hobe; boterea inoiz zalantzan jartzen ez baduzu, hobe; gizona, zuria eta heterosexuala bazara, beti hobe. Ez naiz ohitzen formularioetan nire nazionalitatea zein den galdetzen didatenean, eskaintzen didaten aukeren artean nire herriaren izena ez aurkitzera. Nik ere behar dut, nire seme-alaben modura, mundu honetara ohitzeko egokitze-aldia. Nik ere behar dut izter bat zeinari indarrez heldu eta oihukatu: ez dut hemen egon nahi, eraman nazazu zurekin. Nik ere behar dut inguru honetara ohitzen lagunduko didan irakasle, tutore, maisu edo andereño bat. Berton urteak egin ditudan arren, ez, ez bainaiz ohitzen.
- Multimedia
- Servicios
- Participación