ALDAKETAK onak dira. Ez dut neuk esaten, adituek baizik. Ona omen da egunero egiten dugun lanerako bidea aldatzea, bide berriak aukeratzea noizbehinka; edo etxeko gauzak ohiko lekuetan ezik, beste leku batzuetan gordetzea: patatak olioaren armairuan, olioa kontserben apalean… Aldaketa hauekin, gimnasia mentala egitera behartzen dugu geure burua. Izan ere, errutinak gauzak pentsatu gabe egitera eramaten gaitu eta gauzak pentsatu gabe egiten direnean, burmuinean amarauna sortzeko arrisku handia dago.
Agian horregatik da hain ona bidaiatzea. Bidaiatzeak azkarragoa egiten zaitu, gauzak argiago ikusten laguntzen dizu, eta ez bakarrik gauza berriak ikusten dituzulako, egunero egiten dituzun gauzak egiteari uzten diozulako baizik. Era honetara, egun, aste ba-tzuk zure errutinatik urrunduta, bizitzaz duzun ikuspuntua aldatu dezakezu, zeure bizitzari distantziaz begiratu ahal diozu, perspektibaz, eta aukera duzu zure bizimodua argitasun handiagoz analizatzeko.
Aldaketak onak dira. Lanez aldatzea, etxez aldatzea, ile-apaindegi berri batera joatea, beti edaten duzun zerbeza marka horren ordez beste bat probatzea, lagun-talde berri batekin poteatzea... Txikitatik ikasten dugu, ordea, errutinak segurtasuna ematen digula, eta ona da alde horretatik. Baina horrek ez du esan nahi behin segurtasun hori bereganatuta, ezin dugunik bide berririk zapaldu.
Baina bai, beldurra diogu aldaketari, izua esango nuke. Aldaketa ez dago ondo ikusia. Aldaketa hitza ihesarekin parekatzen dugu, gauzak bertan behera uztearekin, traizioarekin. Eta ez. Aldaketa ez da kenketa, batuketa baizik. Ohituraz aldatzeak ez du esan nahi lehen genuena gorrotatzen dugunik, lehen egiten genuenaz gain, beste gauza asko egin di-tzakegula baizik. Edo lehen egiten genituen akatsek irakatsita, bide berriak ireki ahal ditugula. Bide berri horietan berriz huts egiteko eta berriz zerbait ikasteko.