ZEIN lagungarri den talde bateko kidea izatea, talde bateko kide sentitzea. Zein lasaigarria den eta aldi berean zelako indarra eta segurtasuna ematen duen. Txikitatik seguruago sentitzen gara gela bateko kide garelako ikastolan. "Ni Bigarren D-koa naiz". Ordutik, ez dakigu ziur zer garen, baina bai zer ez garen, hau da, gauza bat daukagu argi: ez gara Bigarren A-koak eta ez gara Bigarren B-koak. Izan ere, talde bateko kide izateak zerbait argitzen badizu beste talde bateko kide ez zarela da. Nerabezaroan, adibidez, punkya izatea erabakitzen baduzu, ezin duzu gotikoa izan, edo heavya, edo poperoa. Zer ez garen da ziurren dakiguna. Eta punkya izatean mundu honetako parte sentitzen zara, ez zaude bakarrik. Ez zara zure gelako atea itxita God save the Queen abesten duen bakarra. Zein ondo ulertzen zaituzten zu bezalakoak direnek. Agur bakardadea.
Zein lagungarria den talde bateko kide sentitzea. Berdin futbol talde bat, alderdi politiko bat, herri bat, lagun-talde bat, edo auzo bat. Zailagoa da bizitzea inolako taldetako kidea zarela sentitu gabe. Lagunekin ardo batzuk hartzera irtetean haien elkarrizketekin zerikusirik ez duzula sentitzen duzunean, adibidez; edo laneko azken afarian elkarrizketa guztietatik kanpo geratzen zarela konturatzen zarenean; edo familiako bazkarietan entzundako pasadizoek grazia egiten ez dizutela konturatzen zarenean; edo ez duzunean ezer sentitzen zure herriko futbol taldeak finala irabazi duenean. Orduan zu bakarrik zaudela ohartzen zara. Zu bakarrik. Eta hori oso zaila da. Askea zara nahi duzuna egiteko, gaur mendizale sentitzeko eta bihar gaupaseroa, baina zein gogorra den batzuetan askatasunaren prezioa. Horregatik, zure lagun-taldekoen txisteek grazia egiten ez badizute ere, gaur barrez ari zara beraiekin batera, tabernan, ardo bat eskuetan, guztiek barre egiten dutelako, eta zuk talde bateko kide izan nahi duzulako. Gehienbat zer ez zaren jakiteko beharra duzulako.