benetan zahartu zarela erakusten dizun seinale bat: antzak hartzearena. Hasten zarenean "aizu, badakizu noren antza hartzen dizudan..." Adios! Jada ez dago ezer egiterik. Jantzi ditzakezu AC-DCren kamisetak, joan zaitezke talde zaratatsuen kontzertuetara, tindatu ditzakezu kopetaren gain-gainean agertu zaizkizun ile zuri horiek, baina antzak hartzen hasten baldin bazara denek jakingo dute oskola horren guztiaren azpian zer ezkutatzen den: zimenduak dardarka hasi zaizkion eraikin zahar bat. Gaztetxoek ez diote inori beste inoren antzik hartzen, munduan bakarrak direla uste dute oraindik, zaharrak dira beti antzak hartzen ibiltzen direnak, seguru aski aurpegi asko ikusi dituztelako bizitzan zehar, eta, finean, ez garelako gure artean hain diferenteak.
Beno, baina antzak hartzearena ez da larriena, azken finean horrek bere grazia ere badu, izan daiteke jolas baten antzerakoa; txarrena da gauza guztiei beste zer edo zeren antza har-tzen hasten zarenean, hau da, liluratuko zaituen ezer berririk aurkitzen ez duzunean. Bazoaz, adibidez, kontzertu bat ikustera, eta irtetean zure komentarioa da Bob Marleyren garaietatik ez dela ezer berririk asmatu. Nobela bat irakurtzen hasten zara eta irakurri dituzun beste nobela batzuen antza hartzen diozu lehenengo orrialdeetatik. Agertzen da Lady Gagaren bideo-klipa telebistan, eta ez zaitu harritzen lehenbizikoz Raffaella Carrà Aplauso programan saltoka ikusi zenuenean beste. Zineman pelikula bat ikusten hasi eta amaiera igartzen diozu erdialdera heldu baino lehen. Eta hiru dimentsiotan bada ere, ez zaitu aho zabalik uzten Uri Gellerrek telekinesiaren bitartez koilaratxoa ukitu gabe okertu zuenean utzi zintuen bezala, edo Michael Jacksonen Thriller bideoa lehenbizikoz ikusi zenuenean bezala. Eta beldurrezko pelikula bada, ez zara dardarka hasiko. Orain artean izan dituzun auzokoen bileretatik bizirik irten bazara, prest zaude begiak itxi beharrik gabe edozer gauza ikusteko, zeren hori baino beldurgarriagorik...