Eguraldiaz hitz egin nuen auzokidearekin igogailuan, topikoak agintzen duen legez, eta gero pentsatu nuen: zertaz hitz egin genezakeen bestela? Bigarren pisura arteko bidaian ez dago gai potolo bat ateratzeko denborarik, gainera ez dut auzokidea gehiegi ezagu-tzen, eta gertuegi nuen haren aurpegia eta arnasestua inolako sakontasunetan sartzeko.

Normala da igogailuan eguraldiaz hitz egitea. Kezkatzen nauena ez da hori, igogailuetatik kanpo gertatzen dena baizik. Aurreko egunean lagun batek eguraldiarekin zerikusia duten kontuek hartzen ari duten garrantziaz ohartarazi ninduen. Eguraldia informatiboetako izarra da. Gero eta tarte handiagoa eskaintzen zaio eguraldiari, ikusleek ateratako argazki artistikoak erakusten dituzte, zuzeneko konexioak egiten dituzte mendikate batean hoztuta dagoen kazetariarekin euria nola botatzen duen ikus dezagun…

Eta zoaz supermerkatura, tabernara edota bulego batera, berdin da. Adituz beteta daude bazter guztiak. Ez dute hotzaz edo beroaz hitz egiten, sentsazio termikoaz baizik. Termometroak azken egunetan baino balio epelagoetan mugituko direla esango dizute. Ez dute haizea edo euria aipatuko, aire masak eta fronteak hi-tzak erabiliko dituzte.

Eta harrigarria da. Teleberria Libiako eraso inperialistaz, Sortu ez legeztatzeko erabaki lotsagarriaz, emakume baten hilketa lazgarriaz edo langabeziaren azken datu egoskorretaz ari denean zilegi da hitz egitea edo afariko platerekin zarata ateratzea, baina eguraldiaren tartea heldu bezain pronto, etxeetan isiltasuna da nagusi. Ixo, eguraldia dator. Eta egongela meza santua ospatzeko moduko isiltasunean gera-tzen da.

Ez dut uste eguraldiaz hitz egitea txarra denik. Beldurtzen nauena mundu hau igogailu erraldoi batean bihurtu daitekeela pentsatzea da. Berdin zaigu gora edo behera egin, mundu honetako arazoei aurrez aurre begiratzetik urruntzea lortuz gero. Azkar, egun haizetsu batean hodeiak urruntzen diren legez.