EGUN arruntak gustatzen zaizkit. Astelehen bat, edo astearte bat. Ia inork ez dizu iradokiko zer egin behar duzun, ez du ia inork denborarik izango nora zoazen galdetzeko eta egiten duzunari buruzko epaia emateko. Zebrabidea libre pasatu ahal izango duzu, aske, aurrean duen espaloi zatira begira doalako jendea, bere burutazio eta kezkek itsututa. Bakean utziko zaituzte.

Egun arruntak gustatzen zaizkit eta, aldiz, gorroto ditut egun bereziak, seinalatuak. Gero eta gehiago. Konturatu naiz. Egin behar duzuna aurretik markatuta daukaten egun horietaz ari naiz. Inauteriak direla eta nolatan ez zaren mozorrotu galdetuko dizu kalean topatu duzun lagun batek; eguberrietako luntxean Gabon gauean norekin afaldu behar duzun galdetuko dizute lankideek; Aste Santuan nora zoazen, ze bidaia kontratatu duzun, abioiez edo trenez zoazen, hotelera edo apartamenduetara… Txilioka hasteko modukoa da. Batzuetan Inauterietan gabon-kantak abesten hasteko gogoa izaten dut, edo Aste Santuan pirata mozorroa ateratzeko, edo Gabonetan eguzkitako krema emateko. 50 faktorekoa.

Egun seinalatuetan preso sentitzen naiz. Egun arrunten askatasuna maite dut. Alferkeria izango da, baina nahiago larunbat goiz batean txandala jantzita ogia erosten joatea gaueko afari baterako zer jantzi pentsatzen hastea baino. Nahiago astelehen zuri batean autoan noala irratiko abestiak kantatu, urtebetetze batean Zorionak abestu beharra baino. Telebistan ustekabean aurkitu dudan pelikula batekin gozatzea gustatzen zait. Egun arruntek eskaintzen dituzten sorpresak gustatzen zaizkit, egun seinalatuetan, gidoia aurretik idatzita egonik, ez baitago sorpresentzako lekurik.

Gainera, gauza garrantzitsuenak egun arruntetan gertatzen dira. Egun arrunt batean konturatzen zara maiteminduta zaudela; komuneko ispiluaren aurrean erabakiko duzu asteazken goiz batean bizimodua aldatu nahi duzula… Benetako bizitza egun arruntetan gertatzen da. Egun seinalatuetan gertatzen dena antzezpena baino ez da. Gidoi zahar baten errepikapena.