askotan agertzen da galdera hau: idazleak bere garai eta gizartearekin konprometitua egon behar duen. Nik uste, konprometitua egotea zer den argitu beharko genukeela lehenik. Ideologia baten alde agertzea al da konprometitua izatea? Manifestazioetan parte hartzea edo manifestuak sinatzea? Herri txiroetako proiektuak laguntzea? Mikrofonoaren aurrean injustiziak salatzea? Nik uste konprometitua izatea, idazlearen kasuan, haratago doala, eta bere idazlanetan islatu behar den zerbait dela. Bere idatzietan inguruan duen gizartearen erradiografia egiten du idazleak. Gizartea bere begietatik nola ikusten den erakusten du. Eta hau zintzotasunez egiten badu, hau da, ikusten duena bere buruak baloratzen duen modura azaltzen badu, (bere burua zentsuratu gabe, politikoki egokiak ez direnak ezkutatu gabe, besteak beste) jada badago bere gizartearekin konpromiso bat agertzen. Idazle baten eran-tzukizuna egia kontatzea baita. Bere egia, bere buruak munduari begira antzematen duen egia. Idazle batek bere bizitza pribatuan gezurrak esan ditzake barra-barra, eta gezur batean murgilduta bizi daiteke -bere burua engainatuz ere-, baina idaztean erantzukizun bat du: egia kontatzea. Eta zentzu honetan, gezur eta gezurtiz beteriko mundu batean zintzotasunez egindako artelan bat beti izango da erantzukizunezko ekintza bat. Idazleak munduari adi begiratu ondoren ikusten duena bere modu berezian deskribatzean, aldi berean, gure gizarteko hainbat arazo morali buruzko galderak egingo baititu. Eta honetaz ari garela, galdera bat: Zergatik deitzen zaio literatura politikoa herri bateko gatazka politikoaz ari den literaturari? Ez al da azken finean dena politikoa? Euskal Herrian kokatutako nobela batean euskal gatazkaren gaia agertzen bada nobela politikoa deitzen zaio. Baina ez al da baita hautu politiko bat nobela bat Euskal Herrian kokatzea eta tutik ere ez esatea herri horrek politikoki bizi duen egoeraz? Politikaz pasatzea ere, politika egitea da. Eta politikotik ezer ematen ez duen literaturak ere, bere moduan, politika egiten du.
- Multimedia
- Servicios
- Participación