kALERA irten eta aho inguruan gosariaren arrastoak antzemanez gero, gure amak zapia atera, txistuaz busti eta biboteak igurzten zizkigun Cola Cao-ak utzitako aztarnak ezabatzeko. Orain ia ez da ikusten honelakorik, umeentzako zapi bustiak ditugulako, eta hauek benetan edozertarako balio dutelako: berdin balio dute umeen ipurdia garbitzeko zein zapatei distira ateratzeko.

Dudarik gabe, gure bizimodua erraztu duten hainbat gauza asmatu dira azken hamarkadetan. Baina kontua da asmatzen duten guztiak ez digula bizitza errazten, eta hainbat behar sortu dizkigutela benetan behar ez ditugunak.

Gaur adibidez ezin duzu goizean etxetik irten zure Actimela hartu barik, egun osoa pasatu dezakezulako defentsak behera egingo dizuten beldurrez. Eta ez pentsa iturriko ura edaterik. Botilako ura daukazu, edo hobe, ur-garbitzaileak deituriko ontzi horiek. Sukaldean libre geratzen zitzaizun tarte bakarra betetzera etorritako tramankulu horiek. Geratzen zitzaizun beste hutsunea mini kafetera espresak bete du, gaur egun kafetera italiarra erabiltzea lapikoko kafea egitea bezain an-tzinakoa bihurtu baita.

Eta sukaldea trastez beteta baldin badaukagu, zer esan komunei buruz. Drogeria bateko erakusleihoak ematen dute. Etxean hiru pertsona bizi baldin badira, hiru xanpu mota aurkituko dituzu bertan: ile kizkurrentzako xanpua, tindatutako ileentzakoa, begiak gorritzen ez dituena? Eta haien alboan ile-gogortzaileak, lakak eta bitsak. Eta kremak. Gizonen aurpegirako kremak, emakumeentzako kremak, begi-inguruentzakoak, serumak, bodymilk nutritiboa, bodymilk reafirmantea, beltzaran-kolorea mantentzeko gorpu-tzerako olioa? Eta desodoranteak: spraykoa erabiltzen du batek, roll-on besteak.

Supermerkatuan ordaintzeko zain zauden hurrengoan, aztertu ezazu erosketetako organ daramazuna. Hortik zenbat gauza behar dituzu benetan? Hortik zenbat gauzek errazten dizute bizitza?

Batzuetan txistuaz bustitako zapien garaira bueltatzeko gogoa izaten dut, baina gero damu-tzen naiz: hain dira praktikoak zapi bustiak?