Nire arazoetako bat denbora da. Hobeki esateko, denbora falta. Konturatu naiz nire denbora premiazkoak diren edo itxaron ez dezaketen kontuei erantzuteko erabiltzen dudala. Urgentziazko eginbeharrei erantzuteko gaitasuna oraindik badut: kapaz naiz artikuluak garaiz bidaltzeko, norbaitek eskatutako ipuina behar den epean entregatzeko, medikuarekin dudan zitara heltzeko, eguneroko erosketak egiteko, semea komunera txiza egitera eramateko, egunkariko titularrak irakurtzeko, alabari pardelak aldatzeko, laneko bileretan partehartzeko, e-mailak eta deiak erantzuteko… Bai, heltzen naiz. Larri, baina heltzen naiz. Baina nire arazoa urgenteak ez diren kontuak dira. Patxada eta denbora eskatzen duten kontuetan nabaritzen dut nik ahulezia. Bihar ez, datorren urtean zer egin nahi dudan pentsatzeko denbora falta zait; orain arteko bizi-ibilbideaz hausnarketa lasaia egiteko; nire bizitza nahi dudan modukoa den galdera egiteko neure buruari; idazlan bat poliki-poliki eta eskatzen duen pazientziaz eraikitzeko; nahi ditudan liburu guztiak irakurtzeko. Lagunei zelan dauden galdetzeko denbora badaukat oraindik, baina ez "benetan" zelan dauden galdetzeko, erantzuna entzuteko denbora larregi beharko nukeelako. Eta iruditzen zait nire arazoa ez dela bakarrik nirea, gizarte osoarena baizik. Pertsonen arazoa izateaz gain, era guztietako gobernu, erakunde eta enpresena ere bada. Denek nahiko lukete denbora gehiago aurrera begira planifikazioak egiteko; denek nahiko lukete kalitatezko denbora eskaini euren eginbeharrei, baina denbora etsai dute guztiek, eta aitzakia horrekin gauzak boteprontoan erabakitzen dira askotan, erabaki garrantzitsu batzuk beharko luketen hausnarketa egin gabe hartzen dira; ez dira egoerak behar bezala aztertzen gero arazoak bermeaz konpondu ahal izateko. Hauek ere, neure antzera dabiltza: ospitaleko urgentzietako zerbitzuan lan egiteko gaitasuna badute, baina ez dakite nola tratatu gaixo kroniko bat.